Tolosaldeko Ahots Gazteak abesbatza Bazkalosteko Kantuak proiektuan

Ataria 2024ko aza. 13a, 16:00

Tolosaldeko abesbatzak Zornotzan (Bizkaia) aurkeztu zuen proiektua pasa den asteburuan. Bazkalosteko Kantuak proiektuaren helburu nagusia da bazkalosteko kantuen tradizioa mantentzea eta belaunaldi berriei hurbiltzea.

Tolosaldeko Ahots Gazteak abesbatzak proiektu berria aurkeztu du. Bazkalosteko Kantuak izena du, eta Shrabani Aranzabe-Pita abesbatzako zuzendariak esan duenez, proiektuaren helburu nagusia da bazkalosteko kantuen tradizioa mantentzea eta belaunaldi berriei hurbiltzea, «musikaren bidez euskal identitate kulturala sendotuz eta transmitituz».

Hain justu, Tolosaldeko abesbatzak Zornotzan (Bizkaia) aurkeztu zuen proiektua pasa den asteburuan. Zornotzako Etxanoko Auzo Elkartearen 20. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldi sortan hartu zuen parte abesbatzak, Nagore Palaciosek zuzendutako Soinu Txikie trikitixa taldearekin eta Aitor Furundarena musikariarekin batera.

Ekimenak abeslari, musikari eta entzuleak «ekintza kolektibo batean» bildu zituela kontatu du zuzendariak, izan ere, kontzertuko kantuen letrak biltzen zituen kantutegia banatu zuten parte hartzea sustatzeko. «Publikoak ere parte hartu ahal izan zuen kantuan».

Bazkalosteko Kantuak proiektuak ahotsaren eta musikaren bidez jendea elkartzeko eta emozioak partekatzeko aukera ematen du hortaz, eta ez da helburu makala ahotsak batzean komunitatea indartu egiten dela uste baitu Aranzabe-Pitak: «Euskal kultura bizi-bizirik mantentzen du, musika tradizionalak lotura sakonak sortzen baititu elkarren artean. Belaunaldiz belaunaldi gure herriaren soinu-banda izan da musika tradizionala eta belaunaldi berriei guzti hori transmititzeko bide aparta eskaintzen du».

Bide horretan Aitor Furundarena giltzarri izan dela esan du abesbatzako zuzendariak, «arteari eta musikari lotuta duen ikuspegiak proiektuari sakontasuna ematen dio, eta publikoaren parte-hartzea sustatzen du».

Bazkalosteko Kantuak proiektuak elkarlana du oinarri eta entzuleak proiektuaren parte izatea du helburu, eta horretarako Euskal Herriko kantutegi tradizionala berrinterpretatu dute «publikoarekin zuzenean konektatzeko helburuarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!