Herri kirolak eta bazkaria, San Martin Egunaren bueltan

Leyre Carrasco 2024ko azaroaren 11

San Martin Eguna ari dira ospatzen eskualdeko zenbait herritan; Amasan, esaterako, herri kirol erakustaldia egin dute, eta Amezketan, berriz, erretiratuen bazkaria.

San Martin Eguna da gaurkoa, eta eskualdeko zenbait herrik bat egin dute ospakizunarekin. Amasan, esaterako, mezarekin abiatu dute eguna, eta ondoren herri kirol erakustaldia izan dute pilotalekuan. Ernesto Ezpeleta Bihurrik gidatu du saioa, eta parte hartu duten kirolariek hainbat lan egin behar izan dituzte; aizkoran, harria jasotzen edota trontzan aritu dira, besteak beste. Bertaratu direnen babesa eta animoak jaso dituzte erakustaldi osoan zehar.

Amezketan, berriz, erretiratuen eguna ari dira ospatzen, San Martin Eguna dela eta. Ohi moduan, hauek ere mezarekin abiatu dute eguna, eta horren ostean, salda eta pintxoak banatu dituzte. Geroago, Txindoki jatetxean egin dute bazkaria. 50 lagun inguru elkartu dira, eta tartean izan dira udaleko ordezkarik ere. Bertsolari eta trikitilariek girotu dute otordua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!