Munduko onenen artean daudela erakutsi dute Judo Klub Tolosako bi bikoteek. Las Vegasen (AEB) jokatu zen Munduko Txapelketa asteburuan, Nage No Kata modalitatean, eta bertan urrezko eta zilarrezko domina lortu zuten. Joseba Regillaga amezketarra eta Joseba Etxarri tolosarra 23 urtez azpiko txapeldunak dira, eta Unai Saralegi tolosarra eta Unai Regillaga amezketarra senior mailako txapeldunordeak.
Senior mailan, urrea Erik Faes eta Niels Neumann herbeheretarrek lortu zuten, 396 punturekin, zilarra 393 punturekin eskuratu zuten Saralegik eta Regillagak, eta brontzea Immo Schmidt eta Hendrik Schmidt alemaniarrek lortu zuten, 392,5 punturekin. «Oso pozik gaude lortutako emaitzekin», azaldu du Saralegik. «Urte askotako lanaren emaitza da. 23 urtez azpikoan Joseba Regillagak eta Joseba Saralegik lortutako urrezko dominarekin, emaitza historikoa da Tolosako judoarentzat. Datorren urtean urrearen bila itzuliko gara». Regillagak gaineratu zuenez, «oso gustura gaude egindako lanarekin, batez ere inoiz lortu gabekoa lortu dugulako, bigarren postua». Finalerako sailkapenera lehen postuan igaro ziren, eta gero finalean ez zutela postu hori berriro lortu azaldu du, «baina bigarrenak izanik oso gustura gaude egindakoarekin».
23 urtez azpikoan, Regillaga eta Etxarri bikoak 372,5 punturekin lortu zuten txapeldun izatea; bigarrenak Espainiako selekzioko Alvaro Gayarre eta Alberto Gayarre izan ziren, 365,5 punturekin, eta hirugarrenak Alex Cavina eta Luca Cavina frantziarrak, 362,5 punturekin. Regillagak azaldu duenez, «oso gustura gaude lortutakoarekin, ez baikenuen espero urrearekin itzultzea etxera». Hurrengo urtean senior mailan lehiatu beharko dira, eta hor «mundu zaila» dagoela esan du Etxarrik. Sailkapenean lehen postuan sailkatu ziren, eta finalean postu hori mantentzea lortu zuten.