Hirugarren postuaren lehia geratzen zaie Jakari eta Altuna III.ari

Ataria 2024ko azaroaren 11

Lau eta erdiko txapelketaren finaletik kanpo geratu dira lizartzarra eta amezketarra. Peio Etxeberria eta Unai Lasok jokatuko dute finala, azaroaren 24an, Bilbon. Eskualdekoek igande honetan izango dute elkarren aurkakoa.

Jokin Altunak eta Erik Jakak Zumarragan jokatuko dute igandean, hirugarren eta laugarren posturako lehia. Finalerdietan moztu zitzaien biei txapela lortzeko bidea. Erik Jakak 22-6 galdu zuen Peio Etxeberriaren aurka larunbatean, Labriten. Altuna III.a 14an geratu zen Lasoren aurka. Amezketarrak irabazi izan balu, lau eta erdian, jarraian, bederatzigarren finala izango zukeen.

Erik Jakaren partida harrigarria izan zen. Lizartzarra 6-0 aurreratu zen, baina ondoren, Peio Etxeberriak 22 tanto egin zituen jarraian. Partida amaieran Jaka bere buruarekin oso gogor agertu zen, elite mailan horrela ezin dela jokatu esanaz.

Jokin Altunak aurkariaren nagusitasuna onartu zuen Laso 22ra iritsi zenean. Nafarra nagusi izan zen partidan, kantxaren erdia bereganatuz. Sakearekin min egin zuen, Altuna III.ak ez bezala. Normalean galtzen ez dituen tantoak ere galdu zituen amezketarrak Eibarko Astelena pilotalekuan. Ezohiko partida horren ondoren, ezohiko finala geratu da: Peio Etxeberria-Unai Laso.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!