Pasa den urtean bezala, Judo Klub Tolosako bi bikote Nage No Kata modalitateko Munduko Txapelketan lehiatuko dira. Unai Saralegi tolosarrak eta Unai Regillaga amezketarrak osatutako bikotea senior mailan ariko da, eta Las Vegasen jokatuko den Munduko Txapelketa laugarren aldia izango da eskualdeko bikotearentzat. «Lorpen hau Judo Klub Tolosan lan bikaina egiten ari garen seinale da, eta klubeko bi bikote Munduko Txapelketan izatea ohore handia da guretzat», azaldu du Unai Saralegi judokak. Lisboan, Krakovian eta Abu Dhabin jokatutako Munduko Txapelketetan, finaletik kanpora geratu zen Saralegi-Regillaga bikoa, eta Unai Regillagak aipatu du, Las Vegasen finalera sailkatzea izango dela helburua. «Maila berdintsua daukagun bikoteak lehiatuko gara Munduko Txapelketan. Bikote bezala jartzen dugun lehen helburua finalera sailkatzea izango da, eta behin finalera iritsita, domina bat lortzea zoragarria izango litzateke guretzat».
Joseba Regillaga amezketarrak eta Joseba Etxarri tolosarrak osatutako bikoteari dagokionez, bigarren 23 urtez azpiko Munduko Txapelketa izango da aste bukaerakoa. Eskualdeko bikoteak Abu Dhabin jokatu zen txapelketan finalera sailkatzea lortu bazuen ere, Etxarrik esperientzia zaila izan zela aitortu du. «Lehen Kata burutu eta ondo irten bazen ere, min hartu nuen ariketa amaitzera zihoala, eta finalean ez genuen nahi genuen mailarik ematerik izan. Hala ere, meritu handiko seigarren postua lortu genuen Abu Dhabin». Las Vegasen jokatuko duten Munduko Txapelketari begira, aurreikuspen handirik gabe doazela esan du Joseba Regillaga judokak: «Parte hartu dugun azken txapelketetan ezusteko ugari izaten ari gara lesio aldetik. Ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara gure lana, eta pasa den urteko emaitza hobetzeko aukera badugu albiste bikaina izango da guretzat».
LARUNBATEAN SAILKAPEN FASEA ETA IGANDEAN FINALA
Senior mailan 20 bikote izango dira lehian larunbatean; 10 bikoteko bi multzotan banatuko dira, eta finalerako multzoko lehen hirurak bakarrik sailkatuko dira. Finalera sailkatzen diren 6 bikoteek, igandean berriz lehiatuko dute txapeldun nor izango den erabakitzeko.
23 urtez azpikoen kasuan, 15 bikote izango dira larunbateko sailkapen fasea jokatuko dutenak. Hauek ere bi multzotan banatuko dituzte; 7 bikotez osatuta egongo da bat, eta bestea 8 bikoterekin. Multzo bakoitzeko lehen hirurak igandean jokatuko den finalerako sailkatuko dira, senior mailan bezala. «Akatsik ez egiteak berebiziko garrantzia izango du txapelketako bi egunetan», esan dute eskualdeko judokek.
AURKARI GOGORRENAK
Saralegiren esanetan, Europako hainbat bikotez gain, kolonbiarrak izango dira senior mailan izango dituzten aurkari gogorrenak. «Aurten, gure zorionerako, orain arte onena izan den bikote japoniarra ez da Munduko Txapelketara joango. Hala ere, italiarrak, frantziarrak, holandarrak, espainiarrak eta kolonbiarrak aukari zinez gogorrak izango dira dominen borrokan».
23 urtez azpikoen mailan ere, Kolonbia, Frantzia eta Japoniako bikoteak izango dira eskualdeko judoken aukari zuzenak. «Pasa den urtean Frantzia, Kolonbia eta Japoniako bikoteek eskuratu zituzten dominak, eta aurten ere goran ibiliko diren bikoteak izango dira. Vietnam eta Irango bikoteek ere maila altua erakutsi zuten iaz, beraz, bikote sendoak gainditu beharko ditugu goiko postuetan amaitzeko», azaldu du Joseba Regillagak.
Judo Klub Tolosako borrokalariak gaur goizean iritsiko dira Las Vegas hirira. Larunbata iritsi bitarte, «ordu aldaketara moldatu, pare bat entrenamendu egin eta hiria bisitatzeko» aprobetxatuko dutela esan dute bi bikoteek. «Denboraldia emaitza aldetik oso ona izan da, eta Munduko Txapelketan paper ona eginez borobildu nahi dugu urtea», adierazi du Saralegi judoka seniorrak. Behin Munduko Txapelketa amaituta, eskualdeko judokek atseden hartuko dute denboraldi berria hasi bitartean.