Eskualdeko 17 herritan aurrez estreinatuko dute ‘Go!azen’

Aitor Arroyo Askarai 2024ko aza. 6a, 11:58

Denboraldi berriko antzezleak. EITB

UEMAk eta EITBk hitzarmena sinatu dute Go!azen eta Irabazi arte telesailen atal berriak mankomunitate barruko herrietan aurrez estreinatzeko.

Izatez, azaroaren 22an emitituko dute ETB1en Go!azen telesailaren denboraldi berriko lehen atala, baina izango da aurretik ikusteko aukerarik ere. Hain zuzen, eskualdeko hamazazpi herritan datorren asteburuan –astebete lehenago– aurre estreinatuko baitute hamaikagarren edizioa: Adunan, Alegian, Alkizan, Amezketan, Anoetan, Asteasun, Baliarrainen, Berastegin, Berrobin, Bidania-Goiatzen, Elduainen, Gaztelun, Ikaztegietan, Iruran, Leaburu-Txaraman, Tolosan eta Zizurkilen.

Zergatik, ordea, herri horietan? Bada, UEMAk eta EITBk hitzarmen bat sinatu dutelako mankomunitateko herrietan aurrez estreinatu ahal izateko, besteak beste, Go!azen eta Irabazi arte telesailak. Eskualdean UEMAko kide dira 23 herri, eta orain arte antolatu ez dutenek ere eska dezakete aurre estreinaldia egitea.

Bidea urratzen
Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak azaldu du «gabezia» batetik sortu dela hitzarmena: «UEMAren helburuetako bat da gure herrietan euskarazko ikus-entzunezkoekin dagoen gabeziari aurre egiteko bidea urratzea. Lanketa horri erantzunez dator ETBrekin hitzarmena, haiek ere horretan ari baitira».

UEMAko koordinatzaileak gaineratu du Go!azen telesaila aurrez estreinatzea «lehen eskaintza» dela: «ETBrekin sinatuko den hitzarmenaren bitartez, besteak beste, bi telesail ezagun horiek aurre estreinatzea adostu dugu». New York New York du izena denboraldi berriko lehen atalak, eta UEMAko herri guztietan eskaini dute aurrestreinaldia.

Zentzu horretan, Segurolak adierazi du «garrantzitsua» dela telebista euskaraz ikusteko aukera izatea: «Gure herrietako umeek eta gazteek telebista euskaraz ikustea oso garrantzitsua da». Eta hari berari tiraka nabarmendu du «behar-beharrezkoa» dela eskaintza bermatzeko baliabideak jartzea: «Pantailetan ere euskarazko eskaintzea izatea behar-beharrezkoa da. Horrela, lagun artean euskaraz ikusi eta euskaraz gozatzeko aukera izango baitute gazteek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!