ERREPORTAJEA

Arrixku: arrakastarako probabilitateak

Jon Miranda Labaien 2024ko aza. 8a, 07:58

Joxe Zeberio, Xabat Miner, June Iraola eta Egoitz Agirre. J.M.

Aduna, Alegia, Tolosa eta Zizurkilgo lau gaztek osatu dute Arrixku taldea; urtebete pasatxo daramate musika panoraman eta 25 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte, gehienak eskualdean. Bihar, AdunanRock jaialdian ariko dira Nikotina taldearekin.

X hizkia izenean darama Arrixku taldeak eta, taldekideek, matematiketako ekuazioetan bezala, bakandu dute euren musika proiektuko x: publiko zabal batengana iritsi nahi dute; jendea dantzan eta abesten jarri nahi dute; eta giro euskalduna eraman nahi dute plazetara. Urtebete pasatxo daramate elkarrekin eta honako hauek osatzen dute taldea: gitarran Xabat Minerrek (Aduna, 2005), baterian Egoitz Agirrek (Alegia, 2007), baxuan Joxe Zeberiok (Tolosa, 2006) eta ahotsean June Iraolak (Zizurkil, 2006).

Gazteak izanagatik musika talde analogikoa da Arrixku, ez dute elkarren ezaguera ez Tik-Token, ez Instagramen ezta X sare sozialean egin. Pilota eskolen arteko afari batean ezagutu zuten elkar Minerrek eta Agirrek; musika zaletasun komunak zituztela konturatu, eta proiektu bat hasi zezaketela otu zitzaien. Alegian entseatzen hasi ziren, aurrena eurak baino zaharragoak ziren beste musikari batzuekin, eta gero, bakarrik. Ahots bat behar zutela ikusita, iragarkia jarri zuten Instagramen eta Iraola inguratu zitzaien taldera, handik hiru hilera. Iraolak eta Minerrek elkar ezagutzen zuten, hauek ere aurrez aurre, Loatzo musika eskolan elkarrekin gitarra ikasi zutelako, bere garaian. Beranduxeago gerturatu zen taldera Zeberio eta honek ere ezaguna zuen Miner, Euskarabenturan elkarrekin ibili zirelako 2023ko udan. 

Musikarekiko zaletasunarekin batera, beste kezka batek ere elkartu ditu taldekideak. X belaunaldiaren ondorengo, Y belaunaldikoak dira, milurtekoak, baina laurek uste dute euskal musikarekiko geroz eta interes gutxiago dutela gazteek. «Reggaeton eta horrelakoak barra-barra entzuten dira, baina fama eduki duten euskal taldeen kantuak pixkana ahazten doaz. Guk pentsatzen dugu horiek transmititu egin behar direla jende gazteak ezagutu ditzan», esan du Iraolak. Kontzertuetan gaztelaniaz kantu bat baino gehiago eskaini arren, euskaran ardaztutako taldea dela diote, eta giro hori sorrarazten saiatzen dira zuzenekoetan. Lortzen dutela uste du Agirrek: «Reggaeton kantu bat denek ezagutuko dute eta hasiko dira kantatzen, baina euskal kanta batekin jendea elkarrekin dantzan eta kantuan hasten denean ezberdina da, hobeto pasatzen du publikoak». Agertoki azpian denak elkarrekin eta euskaraz kantuan ikusteak «ilusioa» egiten diela dio Iraolak; «oraindik esperantza badago». 

Egoitz Agirre. Bateria: «Euskal kanta batekin jendea kantuan hasten denean ezberdina da, hobeto pasatzen du publikoak»

 

X bakandu bai, baina musika estiloari dagokionez, ez du laukoteak, oraindik, multiplo komunik atera. Zaletasunak ere askotarikoak dituzte, eta hortaz, gustuko kantuak entsegu lokalera eraman, eta laurak konforme egonez gero, horiek prestatzeari ekiten diote. Punk-rocka dute oinarri nagusi, horretan bat datoz. Berri Txarrak, Rotten XIII, Brigade Loco, Sofokaos, Kaotiko, Eskorbuto edota Des-Kontrol taldeen bertsioekin osatu dute euren errepertorioa; ordu eta erdiko pasatxoko errepertorioa. «Horiek, eta gero, betikoak, agian gaztetxoek ezagutzen ez dituztenak eta iruditzen zaizkigunak ezagutu beharrekoak: Ken Zazpiren Ilargia edota Zea Maysen Negua joan da ta adibidez», gehitu du Iraolak. Arrakasta gehien Lokaleko leihotik eta El blues de Aranjuez kantuek izaten dutela diote. 

Emanaldietarako propio prestatzen dituzten kantu batzuk ere badituztela aipatu du Zeberiok, hori da euren x faktorea: «Aurreko batean Kaparrak taldearen Bollikau probatu genuen gitarra klasikoarekin eta kaxoiarekin, eta ondo xamar atera zitzaigunez zuzenean jo genuen». Horrelakoetan elkarren instrumentuak aldatu eta gauza ezberdinak egiten saiatzen dira. Eta jendeari gustatu egiten zaio, itxuraz, urtebete pasatxoan 25 kontzertu baino gehiago eman dituzte-eta. 

Lana eta ardura

Hutsune bat betetzera datozela uste dute Arrixku taldekoek. Inguruan ez dute ezagutzen euren antzera dabilen talderik. «Bertsioak egiten dituztenak asko, erromeria talde esaten zaien horietakoak. Lehen trikitia eta panderoa jotzen zuten taldeak ziren erromeria taldeak, baina gaur egun ia dena izendatzeko erabiltzen da. Talde horiek lan ona egiten dute, baina guk gehiago jotzen dugu rock aldera», dio Arrixkuko ahotsak. Zeberiok ohartarazi du geroz eta ohikoagoa dela fenomenoa: «Euskal bertsioak jotzen dituzten taldeei, zuzenean, erromeria talde deitzeko joera dago eta ez du zertan horrela izan behar». 

Joxe Zeberio. Baxua: «Bertsioak jotzen dituzten taldeei, zuzenean, erromeria talde deitzeko joera dago, eta ez du zertan horrela izan»

 

Arriskua hartuz gero, asmatzeko probabilitate handia dagoela uste dute lau gazteek. Eurak bezala, musika eskolan ibili eta musika prestakuntza edukitzeak ez du esan nahi gazteak gero musika egitera animatzen direnik. «Gogo falta» sumatzen du Minerrek. «Musika eskolan edo etxean euskal musika entzun ez duenak bukatuko du algoritmoek eskaintzen dioten hori entzuten. Guri iruditzen zaigu badagoela konpartitu beharreko musika jakintza bat». 

Xabat Miner. Gitarra: «Guri iruditzen zaigu badagoela konpartitu beharreko musika jakintza bat»

 

Baieztapenarekin bat dator Iraola, eta gaineratu du ondo pasatzearekin batera lana ere eskatzen diela Arrixkuk: «Gaztetxoek pentsatuko dute agertokira igo, kantu batzuk jo eta handik jaistea dela kontua. Baina lan bat dago atzetik, asko entseatu behar da, kontzertuak lotu behar dira, jendearekin hitz egin... Gu ondo pasatzera goaz, baina lanera ere bai. Arduraz hartzen dugu». Bateria jotzaileak dio «seriotasun minimo» bat behar dela, behin agertoki batera igota. 

June Iraola. Ahotsa: «Baina lan bat dago atzetik [...]. Gu ondo pasatzera goaz, baina lanera ere bai. Arduraz hartzen dugu»

 

Agirreren herrian eskaini zuen Arrixkuk bere lehen kontzertua, 2023ko Bibalabirjen jaietan, Alegiako Bulebarrean. «Gogoan daukat emanaldia hasieratik bukaerara. Oso urduri nengoen, eta ia baketak ukitu gabe, neukan dardarizoarekin, hotsa ateratzen nuen baterian». Agirreren tokian egotea egokituko zaio Minerri bihar, eta urduri dagoela aitortu du, bere herrian, AdunanRock jaialdian arituko baita, ezagunen aurrean. Nikotina taldeak eskainiko du saioa 18:00etan, eta 20:00ak inguruan izango da Arrixkuren txanda.

Gehienbat Gipuzkoan aritu izan dira kontzertuak eskaintzen, betiere, festa giroan. Nafarroako Olaztiko gaztetxean ere aritu ziren behin, eta oso esperientzia «berezia eta polita» izan zela aipatu dute taldekideek. Orain arte ahoz aho jakin izan du jendeak Arrixkuren berri. Ezagunen bitartez hots egiten dietela aipatu du Minerrek, eta Iraolak gaineratu du sare sozialetan ere taldearen berri ematen saiatzen direla. «Gaur egun horixe da funtzionatzeko modua. Jende gehiagorengana iristea ahalbidetzen digu Instagramek». Ez dute emanaldiak iragartzeko erabiltzen, soilik. «Dagoeneko eskaini ditugun kontzertuen argazkiak eta bideoak ere zabaltzen ditugu jendeak jakin dezan zer egiten dugun», adierazi du Zeberiok. 

Zaintzen dute taldearen irudia, bai sare sozialetan eta bestelakoetan ere bai. Minerren lehengusu Aiora Arregi andoaindarrak egin die taldearen logoa. Irudi hori ikus liteke taldekideek daramaten jertsean, eta baita taldeak erabiltzen duen bateriaren bonboan ere. Alegiako entsegu lokalean daukate. Gutxienez astean behin egiten dituzte entseguak kultur etxeko azpialdean dagoen lokalean; udan, edo emanaldiren bat gertu dutenean, maizago geratzen dira. 

X arrazoiengatik ez du lauetako bakar batek, oraindik, gida-baimenik atera, eta ez dute, beraz, alde batetik bestera mugitzeko kotxerik. Minerrek, Agirrek, Iraolak eta Zeberiok gurasoei eskerrak eman dizkiete, haien trasteak hartu eta kontzertuetara mugitzen laguntzeagatik. 

«Kontzertu gehiago jo, ondo pasatzen segi, nahi duguna jotzen jarraitu, eta abesti gehiago prestatu, neurri handi batean, behintzat, euskaraz». Hori da Zeberiok taldeaz egiten duen prospekzioa. Iraolak gehitu du ez dutela behin ere etorkizunerako helburu zehatzik izan, «inprobisatzen» jardun dutela orain arte, eta horrelaxe segituko dutela aurrerantzean ere. Euren abestiak egiteko aukeraz hitz egin dute Agirrek eta Minerrek. Gitarra jotzailearen esanetan, «ametsa» litzateke euren kantuak sortu eta estudio batean grabatzea, «baina horretarako aurrez lan handia egin beharra dago eta gurea bezalako talde bati bertsioekin trebatzen jarraitzea dagokio orain». 

Gogoa+lana=indarra. Hori da Arrixkuk oholtza gainean eskaintzen duena. Bihar, AdunanRock jaialdian ikusi ahal izango da emaitza 20:00etatik aurrera. Beste okasio bat ere izango dute musikazaleek, azaroaren 29an, Alegiako gaztetxearen urtemuga ekitaldien barruan. Eta hortik aurrera? Erantzunik ez dute, baina x-aren aldagai guztiak esploratzeko prest daude lau gazteak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!