Pasa den astean Valentzian gertaturiko hondamendiak eragindako kalteak konpontzen laguntzeko helburuz, Tolosa eta Alegiako udalak material bilketa bana egingo dute gaur eta bihar artean.
Alegian 16:00etatik 19:00etara kultur etxeko areto nagusian jaso dute materiala eta udalak esan du hauek direla herritarrek bertara eraman ditzaketen produktuak: esnea (haurrentzat zein helduentzat), osasun materiala (musukoak, nylonezko eskularruak, bendak, gel hidroalkoholikoa…), higiene produktuak (konpresak, fardelak, gorputzerako produktuak…), tresneria (palak, kuboak, mangerak…) eta etxe garbiketarako produktuak eta tresneria (lixiba, palak, erratzak…).
Ibarrako Udalak ere bat egin du Valentzian uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko elkartasun sarearekin, eta laguntza bideratuko du datozen egunotan. Hain justu, bihar asteartean, asteazkenean eta ostegunean egongo dira udaletxean (08:00etatik 14:00etara) eta kultur etxean (16:00etatik 20:00etara).
Villabonan ere konpresak eta fardelak, katiuskak, eskularruak, garbiketa produktuak zein lixiba, higiene pertsonalerako produktuak eta botikinerako sendagaiak jasoko dituzte bihar asteartea eta gaur asteazkena, 17:00etatik 20:00etara, Zatorran.
Zizurkilen uretarako bota altuak behar direnez horiek biltzeko deia luzatu dute. Gainerako materiala ere eraman daiteke Plazida Otaño liburutegira edota udal bulegoetara. Asteartean, azaroaren 5ean, 16:00etatik 19:30era bilduko da materiala; eta azaroaren 6an, asteazkenean, 09:30etik 14:00etara. Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez, Eudel arduratuko da jasotako materiala beharra duten herrietara bideratzeaz.
Tolosan ere gaur eta bihar ariko dira materiala biltzen, kultur etxeko areto nagusian, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Honako materialak jasoko dira: Valentziako Udalerrien eta Probintzien Federaziotik eskatu duten materiala bildu nahi dute. Hau da esnea, latako elikagaiak, norbere edo etxeko garbiketarako produktuak, fardelak eta konpresak, uretako bota edo katiustak (berriak), segurtasun pertsonalerako produktuak (musukoak, eskularruak…) eta hondakinak jasotzeko palak. Udalak eskatu du guztia modu egokian kudeatu ahal izateko, zerrenda horretan ez dagoen bestelako ezer ez eramateko.
Bildutakoa datozen egunetan bidaliko dute Valentziara. Tolosako Udaltzaingoko eta Herri Babeseko talde bat Picanya herrira abiatuko da, udalak utzitako baliabideekin hondakinak kentzen laguntzera. Bost egunez bertako udaltzainekin elkarlanean ariko dira. Hondakinak garbitzen lagunduko dute, eta Tolosako Udalak utzitako ibilgailu eta materialak erabiliko dituzte: pilatuta geratu diren autoak mugitzen laguntzeko aproposak diren bi ibilgailu, ura xurgatzeko makineria eta materiala garraiatzeko brigadaren kamioi bat eramango dituzte.
Uretako bota altuak
Amezketako Udalak, Eudelekin koordinatuta, materiala bilduko du azaroaren 5ean (16:00-20:00) eta 6an (09:00-13:00), herriko kultur etxean. Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Zuzendaritzak jakinarazi duenez, uretako bota altuak behar dira urgentziaz.
Elduainen beste horrenbeste egingo dute. Azaroaren 6an, 08:00-15:00 artean, udaletxean bertan jaso dute Valentziara bidaltzeko materiala. Udalak uretako bota altuen beharraz ohartarazi du.
Lizartzan liburutegian egin dute material bilketa. Azaroaren 5ean 16:00-19:00 eta azaroaren 6an 10:00-13:00 artean jasoko dute Valentziara bidaltzeko materiala, dei berezia eginez uretako bota altuetan, «urgentziaz» behar dituztelako.
Ikaztegietari dagokionez, Valentziara bidaltzeko materiala azaroaren 5ean, 16:30-20:00 artean, liburutegian jasoko dute. Eta bigarren egun bat ere izango da: azaroaren 6an, 08:30-13:30 artean, udaletxean.
Berrobin bi egunez ariko dira. Azaroaren 6an, asteazkenean 09:00-19:30 artean eskolan, eta hurrengo egunean, azaroaren 7an, ostegunean, 09:00-18:00 artean.