Altuna III.a eta Jaka finalerdietara sailkatu dira

Endika Apalategi Labayen 2024ko azaroaren 4a

Altuna III.a eta Zubizarreta III.a atzo Donostian jokatutako partidan. PEDRO MARTINEZ.

Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkaren hirugarren eta azken jardunaldia jokatu da asteburuan. Altuna III.ak Zubizarreta III.aren aurka lortutako garaipenari esker, eta Erik Jakak Iñaki Artolaren aurka jokatzekoa zen partida bertan behera geratu eta puntua bereganatu ondoren, finalerdietarako sailkatu dira.

Jokin Altuna eta Erik Jaka izan dira Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxka gainditzea lortu duten eskualdeko bi pilotariak. Amezketarraren kasuan, 8 tanto egin behar zituen finalerdietara sailkatzeko, eta 13 berriz multzoko lehen postua bereganatzeko. Altuna III.ak partidako lehen unetik aginte makila hartu zuen, eta Zubizarreta III.ari 22-6 irabazita A multzoko lehen postuan amaitzea lortu du.

Multzo berean, lizartzarra izan da finalerdietarako sailkatu den bigarren pilotaria. Azken jardunaldira puntu bakarrarekin iritsi zen Erik Jaka, baina Iñaki Artolak izandako lesioarengatik, partida jokatu gabe bigarren puntua eskuratu eta txapelketako lau onenen artean izango da.

Peña II.aren kasuan, ligaxkako lehen puntua bereganatu zuen Peio Etxeberriaren aurka, 22-13 irabaziz. Tolosarra finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe iritsi bazen ere, zapore onarekin amaitzea lortu zuen aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketa.

Peio Etxeberria eta Unai Laso, ate joka

Finalerdiak asteburuan jokatuko dira. Larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Erik Jaka lizartzarrak egungo Lau eta Erdiko txapeldunordea den Peio Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak 17:15ean hasiko den jaialdian. Jokin Altunak berriz, igandean bere ibilbide profesionaleko bederatzigarren finalerdia jokatuko du erreskadan Lau eta Erdiko Txapelketan. Unai Laso izango da amezketarraren aurkaria, eta jaialdia, Eibarko Astelehena pilotalekuan jokatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!