Errigorako saskiak eskatzeko aukera

Ataria 2024ko urr. 30a, 19:59

Aurtengo kanpainaren aurkezpeneko irudia.

Azaroaren 14ra bitarte egin beharko dira eskaerak, hiru saskiren artean aukeratuz; eskualdeko 17 herritan jaso daitezke saskiak.

Martxan da aurtengo Errigora kanpaina, eta azaroaren 14ra bitartean izango da Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuekin osatutako saskiak eskatzeko aukera. Bagerreko uzta euskarari puzka! izango da aurtengo kanpainaren  leloa, eta hiru saskiren artean aukeratu ahalko da.

Saskiek duten balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio. Errigora, Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean burutzen da, beraz kanpainak uzten duen diru-ekarpenaren zati handiena hegoaldeko ikastolei, AEKren euskaltegiei eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratuko zaie. Horrez gain, ekarpenaren beste zati bat, Errigorak sortutako Agerraldia ekimenari bideratuko zaio. Euskarari hauspo berria ematera dator mugimendua eta irabaziekin, euskararen ezagutza bultzatu, erabilera sustatu eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du helburu.

Tolosaldearen kasuan, saskiak eskualdeko 17 herritan jasotzeko aukera egongo da. Saskiak online eskatu beharko dira. Nahi adina aukeratu ahal dira eta norbere datuak sartu ostean, saskia jasotzeko gunea aukeratu beharko da. Gune bakoitzak saskiak jasotzera joateko bere data eta ordutegia duela hartu behar da kontuan. Ondorengoak dira saskiak jaso ahal diren eskualdeko herriak: Abaltzisketa, Aduna, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Lizartza, Tolosa eta Zizurkil.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!