Euskara sustatzeko kanpaina arrandegietan

Ataria 2024ko urr. 29a, 19:59

Arrainen izenak euskaraz irakurri ahal izango dira.

Gaurtik aurrera arrainen izenak euskaraz irakurri ahalko dira; azaroaren 5etik 23ra 25 euroko bi opari txartel zozkatuko dituzte arrandegi bakoitzean.

Euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin, kanpaina berria jarri du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak.  Gurea bai freskoa! izena hartuko du ekimenak eta eskualdeko arrandegietan burutuko da, herritarrei eskariak eta erosketak euskaraz egitera gonbidatuz. Hala, gaurtik aurrera, ohiko arrainen izenak dituzten etiketak euskarazko izenekin ikusi ahalko dira saltokietan eta bezeroei ere arrainen izenak euskaraz jasotzen dituen esku-orria banatuko zaie.

Euskara Taldeak azaldu duenez, Amasa-Villabonako, Anoetako, Ibarrako, Tolosako eta Zizurkilgo arrandegi guztiek parte hartuko dute kanpainan. Saltokietako idatzietan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartzeaz gain, ahozkotasunean ere eragingo dute arrandegiek. Izan ere, Galtzaundiren ustez, «eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak, euskara saltokietako idatzietan ikusteak, balioa ematen dio gure hizkuntzari».

Bestalde, Gurea bai freskoa! kanpainak irauten duen bitartean, hau da, azaroaren 5etik 23ra, 25 euroko bi opari-txartel zozkatuko ditu arrandegi bakoitzak.

Kanpainan parte hartuko duten arrandegiak Amasa-Villabonako Sagastume, Anoetako Anoeta, Ibarrako Bikoitz, Tolosako Belen, San Sebastian, Kaia eta Sanz eta Zizurkilgo Zubeldia dira.

Kanpaina ikusarazi eta herritarrak informatzeko, promoziorako bideo bat ere zabaldu du Galtzaundi Euskara Taldeak eskualdeko zinema aretoetan eta sare sozialetan. Kanpainak eskualdeko udalen, merkatari elkarteen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!