Hainbat motatako materialarekin misteriozko istorioak eta jolasak uztartzen dituzten jokoak dira Txintxa jolasak. Batik bat, Lehen Hezkuntzako mailetan dauden haurrei bideratutako jolasak dira eta «gauza ezberdinak» lantzea dute helburu, baina «modu ludiko» batean.
«Misterio bat aurkezten dugu, eta horren amaiera argitzeko zenbait pista ematen ditugu jarraian», horrela azaldu ditu Aiora Etxeberria Lekuonak, Legorretan bizi den amezketar eta proiektuaren arduradunetako batek, jolasen nondik norakoak. Askotarikoak izan daitezke hari mutur horiek, besteak beste, hatz markak, argazki batean ezberdintasunak bilatzea, matematika ariketak, labirintoak eta gurutzegramak. Proiektuaren izen bera daraman kontua dute Instagram sare sozialean, eta haren bitartez eskuratu daitezke aipatutako misterio jolasak.
Hainbat familiaren artean daramate proiektua eta izenaren jatorria ere azaldu dute: «Legorretan 'txintxa' esaten zaio zabuari eta horien inguruan asko elkartzen garenez, haurrak direla-eta; bada, hortik». Tamara Sobrado tolosarra eta Nagore Santxez legorretarra dira egitasmoaren beste sustatzaile batzuk, eta kontatu dute bakoitzak ekarpena egiten duela «ahal duen denboraren eta jakintzaren» arabera: «Elkarlan horretatik abiatuta sortzen dugu materiala: «Gustatzen zaigulako ari gara sortzen, eta baita elkarren konpainiarekin gozatzen dugulako ere».
Denetariko publikoa
Esku artean dituzten gehienak LH mailakoei bideratutakoak badira ere, helburu dute «adin ezberdinetarako» jolasak prestatzea eta, horren arabera, zailtasun maila ere egokituko lukete. Hari berari tiraka, gehitu dute «aproposak» direla eskolan nahiz etxean egiteko: «Momentutxo bat sortzeko polita izan daiteke. Agian gehiago lotzen dugu eskolara begira, baina ez dago horretara bakarrik bideratuta; familian edo lagunartean egiteko ere izan daitezke».
Jokoak egiteko lekuari dagokionez, berriz, aitortu dute «etxean» egiteko formatuak direla, hots, ez dutela interakziorik aurreikusten kalearekin. Dena dela, Sobradok aipatu du «denetariko ideiak» dituztela: «Ideia asko ditugu, eta mota askotarikoak. Ez dakigu denak aurrera ateratzerik izango dugun ere». Hain zuzen, badute «jende helduagoari» bideratutako beste mahai jolas bat ere, eta proiektu pilotu moduan ari dira lotzen ikastetxe batekin ikusteko ea funtzionatzen duen edo ez.
Hartzailea ardatz
Publikoaren arabera egokitzen dute argitu behar den misterioaren edukia: helduentzako gehiago izaten dira «erailketak eta halakoak», eta haurrentzat, berriz, gehiago jotzen dute, besteak beste, desagertu diren pertsonen eta objektuen istorioetara.
Nola iritsarazi, ordea, ideia eta istorio horiek publikoari? Azaldu dutenez, hori da, hain zuzen, topatu duten «zailtasun» bat: «Sare sozialetatik edukia bidal diezaiokegu jendeari, baina hainbat formatutako piezak behar baldin baditu misterioak, asko zailtzen da». Izan ere, denetariko pistak omen ditu prestatu duten jolasetako batek: tamaina ezberdinetako txartelak, dokumentuak... Haien ustez dena euskarri digital berean pasatuz gero, «deigarri» izateari utziko lioke. Pentsatu izan dute inprentaren batera jotzea eta eskulanak eurak egitea, ondoren, azokaz azoka aritzeko; baina gaur egun «zaila» iruditzen zaie horrela lan egitea.
Proiektuaren jatorria
Iaz jarri zuten martxan proiektua, eta abiapuntua Gau Beltzaren inguruan gertatu zela kontatu dute: «Guraso batzuk hasi ginen jai horren inguruko jarduerak antolatzen eta, tartean, ihes gela bat sortu genuen. Arrakasta handia izan zuen». Horren ondotik, oporretara elkarrekin joan eta helduentzako misterio jolas bat erosi zuten; erdaraz, ordea. «Oso ondo pasa genuen eta hainbeste gustatu zitzaigun, non pentsatu genuen: eta halako bat sortuko bagenu euskaraz?».
Esan eta egin. Oporretatik bueltan istorio bat osatu zuen Etxeberriak eta gainerakoek ekarpena egin zuten denetariko lanetan: pistak sortzen, zerk funtzionatzen zuen egiaztatzeko probak egiten, edukia sortzen... Ordutik haurrentzako hainbat misterio sortu dituzte, eta publiko helduago bati begira sortutakoa, lehen aipatu bezala, abenduan probatuko dute: «Bizpahiru ordu behar dira misterio hori argitzeko: ariketa pila bat ditu, eta baita pista asko ere». Azaldu dutenez hori erabiliko dute ekimena neurtzeko eta emaitzaren arabera erabakiko dute esku artean dituzten gainerako istorioekin lanean jarraitu edo ez.