«Aurreikuspenak beteta» iritsi berri dira sahararren kanpalekuetatik Anoetako, Belauntzako eta Ikaztegietako alkateak. Euskal Fondoren eskutik, Euskal Herriko beste 34 ordezkari politikoekin batera egin dute kanpalekuetara bidaia Anoetako Egoitz Luisa, Belauntzako Iñaki Telleria eta Ikaztegietako Alba Garmendiak. Azaldu dutenez, bisita horretan hango elkarteak eta erakundeak ezagutu eta bertako errealitatea gertutik ikusteko aukera izan dute bost egunetan.
«Esperientzia aberasgarria» izan dela diote alkateek, eta «hunkituta» eta «beteta» itzuli dira etxera. Telleriak kontatu duenez, «ateak guztiz zabaldu dizkigute, familiako bat bagina bezala, eta gure artean hausnartzeko eta elkar ezagutzeko ere balio izan digu». Garmendia, berriz, saharar komunitatearekin «harrituta» bueltatu da. «Desertuan, zerotik, estatu bat sortu dute eta hango antolamendu politikoa ezagutzea harrigarria izan da, eta hori bertan ikusi arte ez duzu sinisten», esan du.
Luisak hirugarrenez bidaiatu du saharar kanpalekuetara. Aurretik egindako bi bidaiak «humanitarioak» izan dira, baina oraingo honetan saharar herriaren maila politikoa nola dagoen antolatuta ikusteko aukera izan du eta «beharrezkoa» zuen esperientzia izan dela adierazi du: «Saharar herriarekiko nuen ikuspegia osatzeko eta ulertzeko beharrezkoa nuen, alegia, laguntza humanitarioaz gain, laguntza politikoak ere sekulako garrantzia duela ikusi dut, eta askatasunaren bidean hauspotzen dien herri baten laguntza izateak indarra ematen diela eta eskertzen dutela uste dut».
Aipatzekoa da, baita ere, joan den iraileko azken astean ezohiko euriteak izan zirela saharar errefuxiatuen kanpalekuetan. Horrek uholdeak eragin zituen kanpalekuetako Dajla probintzian eta 500 familia inguru lekualdatzera behartu ditu. Bertara gerturatzeko aukera izan zuen Luisak, eta azaldu zuenez, «lehenagotik kolpatua zegoen komunitatea geroz eta kolpatuagoa zegoela ikusi nuen, etxebizitza asko erorita eta beste batzuk erabili ezinik erortzeko arriskuan». Dena dela, sahararren elkartasunarekin «harrituta» azaldu da, «etsipenetik harago antolatu den herri bat elkartuta ikusi dut, eta gertatu dena gertatuta ere aurrera egiten ari da».
HIRU SENIDETZA
Bidaiaren beste helburuetako bat, senidetzak sortzea ere izan da, eta hain zuzen, hiru senidetza berri sortu dituzte. Azken egunean, gainera, bertako presidentearekin egoteko eta senidetza berrien izenean hitz egiteko aukera izan zuten.
Honela, Tifariti herriarekin senidetu dute Ikaztegieta. Orain, bertan ikasitakoa herrira ekartzeko asmoa izango dute, «herriko komunitate sahararrarekin bilduz eta guk han ikusi duguna eta beraiek hemen ikusten dutena kontrastatuz». Gazteekin bildu nahi dute, bereziki, «badutelako gatazkaren eta etorkizunean egin beharreko ikuspegi oso interesgarria». «Senidetza instituzionala» izan arren, «herritarren ekarpena beharrezkoa» dutela adierazi du Garmendiak. Horregatik, herritarrak aktibatu nahi dituzte, «zein proiektu ditugun ikusi eta horiek martxan jartzeko».
Bojador herriarekin senidetu da Belauntza, eta hemendik aurrera hartuko dituzten bideak herritarrekin zehaztuko dituztela azaldu du Telleriak, «denen ideiak bilduz eta horiek guztiak aztertuz». Anoeta, berriz, Yreifia herriarekin senidetu da, eta senidetza beste «elkartasun sare bat» irekitzeko bidea izan dela esan du Luisak: «Urte askotan saharar herriari elkartasuna adierazten dabiltzan eragile ezberdinak ditugu eskualdean, esaterako, Tolosaldea Sahararekin elkartea edota Oporrak Bakean egitasmoa. Beraz, sare bat badago, baina horri maila instituzionalean egin ditugun senidetzak gehitu behar zaizkio». Luisak uste du senidetza honek «Saharan begi bat» izaten lagunduko diela.
Halaber, senidetza hauek herri bakoitzarekiko duten baloretik harago doala gehitu du Juanma Balerdi Euskal Fondokoa zuzendariak. Une honetan, Fronte Polisarioarentzako guztiz beharrezkoa den «adierazle politiko eta instituzional» bat da, «herri bat dagoelako atzetik eta senidetzea tresna sinboliko bat izan daitekeelako, baina bidai instituzional honen ondorioetako bat ere bada».
Horregatik, saharar herriarentzako Euskal Herria sostengu bat dela dio zuzendariak: «Saharar herria, saharar ordezkariak eta Fronte Polisarioaren zuzendaritza guztiz kontziente da Euskal Herriaren babesaz. Nazioarteko testuingurua ez da erraza, baina Espainiako Gobernuak berriro bizkar eman die eta kontziente dira Euskal Herritik jasotzen duten laguntza ez dutela beste inondik jasotzen». «Herri erresilientea» dela gaineratu du, «baina aurrera begira dagoena eta garbi duena helburu eta jomuga bakarra herriaren askatasuna eta independentzia dela, eta horrekin tinko daude».
EUSKAL FONDOA
2019 urteaz geroztik ez da bisita instituzionalik egin sahararren errefuxiatuen kanpalekuetan, eta hori ez gauzatzeko baldintza askok eragin dutela ziurtatu du zuzendariak: «Algeriako Gobernuak basamortu erdian egoteko eremu bat eman zion Saharako Gobernuari, beraz, bi gobernu horiek hartu behar dira kontuan. Gainera, ez da erraza bisa lortzea, eta gure nahia bidaia urtero antolatzea izan bada ere, beste hainbat gertaera egon dira tartean; 2020ko pandemia, erakundeetako aldaketak, eta askotan ahaztu egiten zaigun gerra».
Izan ere, 49 urte igaro dira Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuela, eta geroztik gerran jarraitzen dute. Egoera honen aurrean bidaia bat antolatzea ez dela erraza izaten esan du Balerdik. «Espainiako Gobernua atzera begira jarri da eta horrek ez du batere errazten harreman diplomatikoa, tartean jakitun beraiek ere lanak erraztu behar dituztela», gaineratu du.
Euskal Fondoa 1996an eratu zen udal gobernuek eta diputazioek lankidetzara bideratzen dituzten funtsen zati bat koordinatzeko. Zuzendariaren hitzetan, «koordinazio eta laguntza tresna gisa» eratu zen. Gaur egun 121 bazkide dituzte, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Batzar Nagusiekin, berriz, hitzarmenak. «SKU 2003an sortu zen saharar herriarekiko jarduera eta proiektu guztiak koordinatzeko helburuarekin. 2008tik aurrera, berriz, lan ildo berri bat ezarri genuen; laguntza humanitariotik harago joan behar genuela ohartu ginen, eta ildoetako bat da giza eskubideen eta memoriaren alorrean ere ikerketak sustatzea».
Euskal Fondoak, Eusko Jaurlaritzak eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak hogei milioi euro baino gehiago bideratu dituzte azken hamar urteotan Saharara. Balerdik zehaztu duenez, kanpalekuetako dairekin edo herriekin senidetuta dauden udalen zerrenda ere zabala da. Hain justu, Euskal Fondoaren datu basean zehaztu bezala, 140tik gora dira saharar errefuxiatu kanpalekuetako daira batekin senidetuta dauden euskal erakunde eta udalak.