Bihar jakingo da Iñaki Artola asteburuan jokatzeko moduan egongo den

Ataria 2024ko urr. 28a, 16:37

Iñaki Artola, partida batean. BAIKO PILOTA

Pilotari alegiarra lesionatu egin zen Zubizarreta III.aren aurkako partidan, Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkan.

Lau eta Erdiko Txapelketa aurrera doa, eta asteburuan final-laurdenetako ligaxkaren bigarren jardunaldia jokatu zen. Albiste tristeena Iñaki Artola alegiarren lesioa izan zen, Zubizarreta III.aren aurkako partidan. Partida 18 tantoetara berdintzea lortu zuen, baina orduan izan zuen ziztada izterrean, eta aldageletara joan arren, azken tantoetan ez zen gai izan bere mailan jokatzeko eta partida galdu zuen. Bihar jakingo da lesioaren tamaina eta asteburuan Jakaren aurka jokatzeko gai izango den.

Multzo berean, A multzoan, Altuna III.ak 22-9 irabazi zion Jakari, eta aukera gehienak ditu amezketarrak finalerdietara igarotzeko. Asteburuan Zubizarreta III.aren aurka du partida Altuna III.ak, eta finalerdietan izango da 8 tanto egiten baditu edota Jakak bere partida galtzen badu. Jaka finalerdietan izango da Artolari irabazten badio, edota Artolari 13 tanto egin eta Zubizarreta III.ak galtzen badu. Artola finalerdietan izango da Jakari gutxienez 22-12 irabazi eta Zubizarreta III.ak partida galtzen badu. Azkenik Zubizarreta III.a finalerdietara sailkatuko da Altuna III.a 8 tanto edo gutxiagotan uzten badu, edota irabazi eta Artolak Jakari irabaziz gero.

Bere aldetik, Peña II.ak ez du aukerarik finalerdietara sailkatzeko. Partida galdu zuen Elordiren aurka 22-21 eta bi partidak galduta, asteburuan Peio Etxeberriari irabazi arren, ez da sailkatuko. Peio Etxeberria dagoeneko sailkatuta dago, eta Elordi eta Lasoren arteko norgehiagokaren irabazlea izango da finalerdietara igaroko dena. 

Asteburuko partidak horrela izango dira: ostiralean, Arrasaten, Peña II.a eta Peio Etxeberria; larunbatean, Irulean, Elordi eta Laso; eta igandean, Donostian, Altuna III.a eta Zubizarreta III.a. Jaka eta Artola arteko partida ez dago zehaztuta oraindik, jakin arte alegiarra jokatzeko gai izango den ala ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!