Bueltan da Bertso Bira egitasmoa

Ataria 2024ko urr. 25a, 11:56

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kultur zerbitzuak eskaintzen dituen Lankuk bertsolaritza eramango dute beste urte batez, adinekoen egoitzetara.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, lurraldeko adinekoen egoitzekin lankidetzan, Bertso Bira kultur ekimenaren edizio berria antolatu dute; urriaren 28an izango da aurreneko saioa. Lehen Adin-Adin izenarekin ezaguna zen proiektu honek bederatzigarren edizioa beteko du aurten. Egitasmoaren helburua da bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea, euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetako bat dela kontuan izanda.

Udazken honetan, guztira 30 saio egingo dituzte Gipuzkoako 24 udalerritako egoitzetan, bertakoek egoiliarrei bat-bateko bertsoez gozatzeko aukera eskainiz. Saio bakoitzean, eskualde bereko eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolarik hartuko dute parte; 34 bertsolarik, guztira. Eskualdeari dagokionez Anjel Mari Peñagarikano eta Amaia Agirre bertsolariek urriaren 28an eskainiko dute saioa Tolosako Iurreamendi egoitzan; eta azaroaren 8an Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso ariko dira Tolosako Uzturre egoitzan eta Jexux Mari Irazu eta Eli Pagola Zizurkilgo Fraisoro Eguneko Zentroan.

Eragin positiboa
Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak ekimen honen balioa azpimarratu du, saio hauen «garrantzia eta eragin positiboa» azpimarratuz. Peñak adierazi du bertsolaritza oso tresna indartsua dela adinekoen emozioekin konektatzeko, gure hizkuntzari eta nortasunari lekua emateko. «Saio hauek entretenimendua eskaintzeaz gain, musikaren eta bertsoen bidez oroitzapenak eta bizipenak aktibatzen laguntzen dute, eta hori oso onuragarria da egoitzetako erabiltzaileen ongizate emozionalerako eta kognitiborako«, azaldu du.

Saio bakoitzaren aurretik, egoitzetako animazio eta dinamizazio-langileek egoitzetako egoiliarrekin egiten dute lan, bertso zaharrei eta abesti herrikoiei dagokienez dituzten lehentasunak ezagutzeko. Horrela, bertsolarien parte-hartze aktiboa sustatzen da, eta horrek parte-hartzaileen eta artisten arteko lotura indartzen du.

Ekimenak azken urteotan izan duen arrakastak lagundu du honen hedapenean, eta gero eta egoitza gehiago dira saio hauetan parte hartzen dutenak. «Bertsolaritzaren potentzial terapeutiko eta ludikoa azpimarratzekoa da», adierazi du Peñak, eta nabarmendu du «musikak eta bertsoek ez dutela soilik adinekoen memoria aktibatzen, baizik eta haien arteko interakzio soziala ere sustatzen» dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!