Larunbatean, urriak 26, 13:00etan izango da partida eta sarrera guztiak amaituta daude aspalditik. Bezperan, urriaren 25ean, Madrilgo El Molar herrian jokatuko du laukoteak, 20:00etan hasita.
Pedro Yarzak, Villabonako Besamotza zenak, 1883an jokatu zuen Madrilgo Euskal Jai eta Fiesta Alegre pilotalekuetan, xisteraz zein punta boleaz. Beti Jai pilotalekua 1894an eraiki zuten eta Besamotza ordurako erretiratua zegoen. 1898an hil zen. «Oraingoan, Besamotzaren omenez, jokatu ez zuen partida jokatuko dute lau gipuzkoarrek», azaldu dute Behar Zanatik.
Amasa-Villabonako pilota elkartetik nabarmendu dutenez, 4.000 ikusle izango dira asteburuan zehar Madrilgo Beti Jai frontoian antolatu dituzten partidak ikusten. «Berez ezingo da partidarik jokatu gerora, babestutako eraikina delako. Horregatik, partida hauek duten garrantzia. Dena den, aurrera begira halako partida bereziak jokatzeko lanketak izango dira, izan ere, garai haietan jokatzen zen punta bolea jokamoldea Villabonan jokatzen dugun joko garbiaren oso antzekoa zen, eta joko garbia Beti Jaien ikustea ederra litzateke».
Bide batez, Behar Zanatik eskerrak eman dizkiote Salvemos el fronton Beti Jai plataformari: «Haiengatik ez balitz Euskal Pilotako frontoi berezi hau eraitsia izango zelako. Eta nola ez Pelota a mano Madrid taldeko kideei, Madrilen pilotaren alde egiten ari diren lanagatik». Horrez gain, pilota elkarteak ere Daniel Carballo zoriondu du, «pasa den astean inauguratu zen bertako interpretazio zentrorako egindako lan guztiagatik».