Denok Danena halterofilia taldeko kideak Zizurkilgo Udalbatzak asteartean egingo duen osoko bilkurara joango dira, herrian entrenatzeko egoitza baten eskaria egiteko. Orain 34 urte sortu zen taldea, eta azken 26 urteetan Villabonako Olaederra kiroldegia erabili dute. «Hemen zulo batean bezala gaude, eta ez da leku egokia halterofilia talde batentzako, eta hori badakite», azaldu du Batis Kortajarena Denok Danena taldearen sortzaileak eta orain gutxi arte prestatzaile nagusiak. Olaederra kiroldegia egin zenean bertara joatea erabaki zuten, baina horrelako leku batean egongo zirela ez zuten espero. «Garai horietan taldeko lau edo bost kide Madrilen genituen goi errendimenduko zentroan. Maila handiko jendea zegoen, eta ez genuen espero horrelako baldintzetan egotea».
Zizurkilen sortu den taldea izaki, bere lekua herrian nahi dutela esan du Kortajarenak. «Ikustea besterik ez dago hainbeste urtetan zenbat emaitza lortu ditugun, eta zenbat lekutan egon garen Zizurkilen izenarekin, mundu guztiari buelta eman diogu. Eta udaletik ez pentsatzea zerbait egin behar dela kirolarientzako...». Gaineratu du ez dutela leku bat beraientzako bakarrik eskatzen: «Egongo diren makinak denontzako izango lirateke, eta egun osoan funtzionatuko luke. Lehentasuna guretzat izango litzateke, baina lekua denontzat izango litzateke».
Udalak ez duela beraien egoera «lehentasun» bezala ikusi esan du: «Hori garbi dago. Azkenean dena dirua da». Azken lauzpabost urteetan «promesak» jaso dituztela azaldu du, eta ez bada ezer gauzatzen beste herri batzuetan leku bila hasiko direla gehitu du: «Eskaerak izan ditugu Donostiatik eta beste leku batzuetatik bertara joateko, mutilen eta nesken senior taldeak bertakoak izateko».
Azken urteetan udalarekin hartu-emanetan izan da taldea, herrian leku bat izateko. Horietako bat aurreko legealdian egin zen proiektu handi bat izan zen, hainbat kirol bertan hartzeko, tartean halterofilia taldea. «Hura oso proiektu handia zen, eta gero kostua atera zenean, atzera bota zuten». Beste aukera bat Aristegi Inprentak Bulandegi bidean zituen etxabe batzuetan jartzea izan zen. «Hura erostea zen asmoa, eta udala animatuta zegoen», esan du Kortajarenak. «Han perfektua zen. Baina etxebizitzak daude gainean, eta bertako bizilagunek, udala hori erosteko asmotan zebilela jakinik, esan zuten etxabe horiek trasteleku eta garaje bezala erabiltzeko asmoa zutela, eta lehentasuna zutela. Baina udalari nork esan behar dio zeinek duen lehentasuna? Azkenean ez zen erosi eta gaur egun hor ez da ezer egin».
Egungo legealdian Atxulondoren ondoko eremu batean udala kirolgune bat sortzeko aukera aztertzen ari dela esan du Kortajarenak, baina ez dutela jasotzen proiektuak aurrera egingo duenaren baietza. «Egoera honen aurrean, Denok Danena taldekoak nazkatu gaude. Horregatik pentsatu dugu osoko bilkurara joan eta bertan gaiari buruz galdetzea. Modu horretara, jende guztiaren aurrean, modu ofizialean, udalaren erantzun bat jasoko dugu, idatzita geratuko dena», zehaztu du Kortajarenak, eta oposizioan dauden alderdiei ere bertan izateko gonbita egin die. «A plana izan da borondate guztiarekin hitz egitea, eskaerak egin erakutsiz zer behar ditugun, eta planteamendu batzuk egitea. Ikusi dugunean ez dagoela erantzunik, orain mobilizazioaren ordua iritsi dela uste dugu».
«EZ DAGO ESPAZIO PROPIORIK»
Bere aldetik, Maite Amenabar alkateak azaldu du hasieratik «argiak» izan direla Denok Danena taldekoekin: «Udalak ez dauka espazio propiorik jabetzan eskaini ahal duguna beraiek nahi dutenerako». Aldundian halterofiliarekin lanketa berezi bat egiten aritu direla esan du Amenabarrek, eta tartean Denok Danena taldea izan dela. «Guk uste genuen hortik jasoko zela diru laguntza lerroren bat, kirol gutxituei laguntzeko, eta uste dut beraiek ere espero zutela. Baina ez dago diru laguntza bat espazio bat hasieratik sortzeko, eraikin berri bat sortzeko». Alkateak gaineratu duenez, aldunditik udalari esan zitzaion 2025eko bukaerarako aterako zutela diru laguntzen deialdia kirol ekipamendurako, eta proiektu bat landuta izateko ekainerako.
Hortik abiatuta diru sail bat bideratu zuen udalak proiektu bat osatzeko, «kirol instalazioetarako eraikin bat egiteko». Amenabarrek azaldu duenez, «guk daukagun konpromisoa bakarra da, gure ahalmenen barruan, proiektu bat egitea kirol eremu propio bat izateko. Pauso horiek ematen ari gara, eta ikusiko dugu zer gertatzen den diru laguntzen deialdiarekin». Proiektua gauzatzeko lurzorua Atxulondo eraikinaren ondoan izango litzateke, udalaren jabetza den eremu batean. «Diru kopuru handiaz hitz egiten ari gara. Eta borrokatu behar dugu, ez bakarrik diru laguntza ekipamendurako izatea, baita ere herri txikientzat espazio berri bat sortzeko aukera izatea. Diru laguntzarik ez badago, ez litzateke bideragarria izango Zizurkil bezalako herri batentzat».
Proiektu horrek aurrera egiteko aukera badago, ez dela Denok Danena taldearentzat bakarrik izango argitu du Amenabarrek, «baizik herritar guztientzat izango den kirol gune bat. Ezagutzen dugu halterofilia taldearen egoera, behin baino gehiagotan azaldu digutelako, baina ez daukagu momentu honetan ezer eskaini ahal izateko. Ulertzen dugu haserre egotea, baina guk ezin diogu karamelurik eman, ez dugulako eskaintzeko ezer».
Zizurkilgo udalbatzaren osoko bilkura datorren asteartean izango da, 19:00etan hasita, eta Denok Danena taldekoek galdera eta erreguen tartean izango dute aukera bere gaia azaltzeko.