Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak lanik gabe egon eta Lanbiden izena emanda dauden pertsonak kontratatzeko diru laguntza deialdia zabaldu du. Tolosaldea Garatzen garapen agentziak kudeatzen ditu laguntza horiek eskualdean. Hain justu, 314.650 euro bideratuko dira, 208.400 euro eskualdeko enpresentzat eta 106.250 euro hirugarren sektoreko entitateentzat.
Eskualdeko enpresei laguntza ekonomikoa emango zaie, gehienez, 34 kontratu egiteko. Laguntzei dagokienez, gehienez 8.800 eurokoak izango dira, kontratu mugagabea egin beharko da, eta gehienez kontratazioaren kostuaren %75 lagunduko da. Horretarako, Tolosaldean erroldatutako pertsonak kontratatu beharko dira. Ekitaldi publikoetako artista eta langile tekniko eta laguntzaileen lanaldi osoko eta iraupen mugatuko kontratuen kasuan 6.000 euroko laguntza izango da, baldin eta 6 hilabete edo gehiagokoa bada.
Diru laguntzak 10.000 euroraino artekoak izan daitezke kontratatutakoa ondorengo baldintzak betetzen dituztenean: DSBEaren tularrak edo onuradunak izatea, 35 urtetik beherako pertsonak izatea, iraupen luzeko langabetuak izatea edota 55 urtetik gorakoak izatea. Beti ere, kontratuak mugagabea izan beharko du. Kasu hauetan, kontratazioaren kostuaren %100 lagunduko dute. Ekitaldi publikoetako artista eta langile tekniko eta laguntzaileen kasuan, gehienez 7.500 eurokoa izango da laguntza. Laguntza horiek %10 handituko dira emakumea bada kontratatzen dena.
Kontratazioetarako diru laguntzak jaso nahi dituzten enpresek eskaera 2025ko urtarrilaren 15a baino lehen egin beharko dute. Eskualdean egoitza duten enpresek egin ahalko dute, eta ez dute formazioko eta praktiketako kontraturik onartuko. Bestalde, kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute berekin, kontratatu beharreko pertsona lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresan dagoen batez besteko plantilla osoaren gainean.
Kontratuaren baldintzei dagokienez, 2024ko apirilaren 3tik abenduaren 31ra bitarte sinatutako kontratuak lagunduko dituzte soilik. Kontratu mugagabeak onartuko dira bakarrik eta ekitaldi publikoetako artista eta langile tekniko eta laguntzaileen kasuetan kontratu mugatuak onartuko dira.Era berean, lanaldi osoko kontratuak izan beharko dute.
Informazio gehiago edota izena emateko lan3@tolosaldea.eus helbidera idatzi beharko da, edo 943 65 45 01 telefono zenbakira deitu.
Leire Otaegi Tolosaldea Garatzeneko enplegu saileko arduradunak Lanbidek emandako aukera eskertu du, eta interesa izan dezaketen enpresei eskaera ahalik eta azkarren egitea gomendatu die; «Izan ere, izena ematen duten guztien artean puntuazioaren arabera aukeratuko da, eta hor izena eman den data ere kontuan hartuko da».
Andu Martinez de Rituerto Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak 2013tik gisa honetako laguntzak bideratzen direla gogoratu du, eta orotara bi milioi eta erdi euro baino gehiagorekin lagundu dela eskualdean kontratu berriak egiteko. Era berean, aurtengo diru laguntzetan zati bat hirugarren sektorerako bideratzeko erabakia ere nabarmendu du.