Hernialderantz, roller eskien gainean

Imanol Garcia Landa 2024ko urr. 16a, 11:57

Iazko Hernialdeko Roller Eski Igoeran, estilo klasikoaren modalitatearen hasiera.

23. aldia beteko du aurten Hernialdeko Roller Eski Igoerak. Tolosako Alpino Uzturre Elkarteak antolatzen du proba, eta bertako kidea den Xanti Saizarrek azaldu duenez, «lasterketa egitearen ohitura hori mantentzen saiatzen gara».

Iraupen eskiarekin lotura du roller eskiak, elurra ez dagoenean, antzeko ariketa egiten duelako kirolariak. «Roller eskia erabiltzen da iraupen eskian egiten diren estilo klasikoa eta estilo librea edo patinatzailea irudikatuz errepidearen gainean, gero teknika hori ahal den txukunen egiteko elurretan», zehaztu du Saizarrek.

Roller eskiak iraupen eskiak baino txikiagoak dira, metro erdi inguru parte metalikoa eta gero alde bakoitzean gurpila du. Bota eta lotura mota iraupen eskian erabiltzen den berdina da, eta bastoiak antzekoak dira, baina punta zorrotzagoa dute.

Hernialdeko Roller Eski igoeran bi modalitatetan lehiatzen dira. Batetik, estilo librean, Tolosako Belate auzotik ateratzen dira, 16:00etan, eta Hernialdeko Bentaraino iritsi ondoren, herrirako igoera hasten dute, lau kilometroko ibilbidea osatuz plazaraino. Behin estilo librekoak igoera hasten dutenean, estilo klasikoan lehiatzen direnak hasten dira beraien probarekin, Hernialdeko Bentatik abiatuta herriko plazaraino, 3,2 kilometroko ibilbidea eginez.

Gaztetxoek ere parte hartzen dute, eta hauek gorago hasten dute beren bidea, Hernialdeko errepidean Anoetarako bidegurutzearen paretik hasita, eta horiek kilometro eta erdi egiten dute.

Bihar da izena emateko azken eguna, eta uzturre@hotmail.es helbidera idatziz edo 685 776 504 zenbakira deituz egin daiteke eta informazio gehiago izango du Alpinouzturre.eus webgunean. Behin proba bukatzerakoan mokadutxo bat jateko aukera izango dute parte hartzaileek. «Hori baliatzen dugu elkarren berri izan eta neguko denboraldiari buruz hitz egiteko», esan du Saizarrek.

Imanol Rojo Alpino Uzturre elkarteko tolosarra orain gutxi izan da roller eskiko munduko txapelduna. Asmoa du larunbateko proban parte hartzeko. Hil honen bukaeran Alpeetara joateko asmoa du, elur gainean entrenatzen hasteko, baina oraingoz hemen dabil eta familiari bisita egiteko aprobetxatuko du Hernialdeko igoeran parte hartuz.

Euskal Herrian Roller Eski Liga antolatzen dute, eta Hernialdeko Igoera bertako probetako bat da. Liga horren inguruan ibiltzen dira nafarrak eta gipuzkoarrak, eta tarteka Madrildar eta Aragoiko kirolariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!