Errealitatea bertatik bertara ezagutzeko bidaia

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urr. 16a, 07:59

Aurtengo udan eskualdean izan diren haurrei agur esateko ekitaldia, joan den abuztuan. IÑIGO TERRADILLOS

Bihar abiatuko dira Anoetako, Belauntzako eta Ikaztegietako alkateak saharar errefuxiatuen kanpalekuetara; guztira, bost egun egingo dituzte bertan.

Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara ez da bisita instituzionalik egin 2019tik, eta bihar urratuko dute aldi hori 37 euskal ordezkari politikok, tartean, Anoetako Egoitz Luisa, Ikaztegietako Alba Garmendia eta Belauntzako Iñaki Telleria alkateek. Hiru herriek senidetu nahi dute herri saharar banarekin, eta bidaiak badu «motibazio» pertsonaletik ere. «Kezkatuta» doaz, orain gutxi uholdeak izan baitira kanpalekuetan.

Datozen egunetan egingo dutena «bisita instituzionala» izango dela argitu dute ordezkariek. Azaldu dutenez, hango elkarteak eta instituzioak ezagutuko dituzte eta baita «bertako errealitatea» ere. Tifariti herriarekin senidetu nahi dute Ikaztegieta; Yreifia herriarekin, Anoeta; eta Bojador herriarekin, Belauntza. Bidaiaren aurreikuspenean «ez da sartzen» horietara bisitan joatea, baina ahaleginduko direla ere esan dute, nahiz eta aitortu duten ez dakitela ea «posible» izango den.

Joan den irailaren amaieran ezohiko euriteak izan ziren saharar errefuxiatuen kanpalekuetan, eta horrek uholdeak eragin zituen. Bi egunetan bota du urte batean izaten duten euri kopurua eta, horren ondorioz, «kalte larriak» sortu ditu uraldiak. «Uholdeek berez nahikoa odolustua zegoen komunitate bat are arazo gehiagotan sartu dute», horrela hitz egin du Anoetako alkateak egoeraren inguruan. Dena dela, gaineratu du «hortik harago» ikusten jakin behar dutela: «Bizi duten egoera gatazka politiko baten ondorio da. Behar humanitarioaz gain, behar edo babes politikoa Euskal Herritik nola antolatu dezakegun pentsatzea ere badagokigu».

Esperientzia ezberdinak
Bertara joango diren lehen aldia dute Garmendiak eta Telleriak; eta hirugarrena, berriz, Luisak. Ikaztegietako alkateak aitortu du «lan handia» egin duela bere buruarekin joan aurretik eta «prest» dagoela «ezjakintasunetik ikasteko». Antzera hitz egin du Belauntzako alkateak ere, eta gehitu du «begiak zabalik» izango dituela, hango errealitatetik «asko» duela-eta ikasteko. Hari berari tiraka, Anoetako ordezkariak aipatu du «hemengo errealitatea» izaten dela abiapuntu kanpoko egoerei «irtenbidea» bilatzeko garaian, eta «haien lekuan jarri» gabe ez dagoela «benetan» errealitate hori ulertzerik.

Nola Luisak, hala Garmendiak gaineratu dute «lotura politiko» batetik garatu dutela «interes pertsonala». Ikaztegietaren kasuan udalak «harreman handia» du herriko saharar komunitatearekin, eta handik jaso zuten senidetzeko proposamena ere. Anoetako alkateak, bestalde, aipatu du herrian, dagoeneko, antolatzen direla saharar komunitatearen aldeko zenbait jarduera, besteak beste, janari bilketak, hitzaldiak, proiekzioak eta parte hartzen dute Oporrak Bakean programan ere. Bada, haren esanetan, bi herrien arteko harremana «sendotu eta formalizatu» egiten da senidetzearen bitartez. Hain zuzen, Luisak berak haur saharar bat izan du etxean, bost urtez, Oporrak Bakean programaren barruan.

Aldarrikapenerako tresna
Hiru ordezkariek aipatu dute «hainbat antzekotasun» ikusten dituztela Euskal Herriaren eta saharar herriaren artean, eta hainbat zerrendatu ditu Anoetako alkateak: «Herri zapaldu eta ukatu bat, hizkuntza minorizatu batekin, gatazka politiko batekin, etorkizuna erabakitzeko tresnarik gabe...».

Horrez gain, uste dute «egunerokotik kanpo» geratu dela saharar gatazka eta bat egin dute arrazoia zehazterakoan: hainbat urtetan luzatu denez, eta beste hainbat gatazka ere sortu direnez, «hoztu» egin da. Bidaia baliatu nahi dute sahararren auzia berriro «agendan» jartzeko, betiere euren «gaitasunaren arabera»: «Gure herrietan landu izan dugu gaia. Bidaia honen bitartez ikusi nahi dugu zein den hango errealitatea, senidetzea gauzatu eta ekarpena nola egin dezakegun ondo pentsatu».

 

EZOHIKO EURITEEK UHOLDEAK ERAGIN DITUZTE SAHARARREN KANPALEKUETAN

Joan den iraileko azken astean ezohiko euriteak izan ziren saharar errefuxiatuen kanpalekuetan eta «urte osoan» izaten duten ur kopurua bota zuen bi egunetan. Horrek uholdeak eragin zituen kanpalekuetako Dajla probintzian eta 500 familia inguru lekualdatzera behartu ditu.

«Izugarrizko kalteak sortu dituzte uholdeek. Familia horiek guztiak etxerik eta besterik gabe geratu dira», horrela hitz egin du Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak ezbeharraren inguruan.

Aurten udan eskualdean izan diren haurrak ez dira inguru horretakoak, baina Gipuzkoan izan dira bertako zenbait. Momentu honetan senideen etxeetara mugitu dira ez dutelako «bizitzeko beste tokirik». Eizagirrek azaldu du haimak –euren bizitokiak– oihalezkoak direnez eta adobezko gelak dituztenez, «kalte izugarriak» sortu dituela uraldiak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!