«Arazo bat konpontzeko modua hura egon badagoela onartzea da». Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzak dira, Osakidetzan erreformak egiteko beharra azpimarratuz. Bada, Topa Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak Tolosaldean «onartuta» dagoen arazo bat dagoela erantzun du, eta hori konpontzeko proposatutakoak ez duela asebetetzen.
Osasun sailburu berriaren hitzetan Osakidetzak talde berria behar zuen: «hausnarketa tresna berriak izango dituena, beste ikuskera bat, beste begirada batekin hurbildu behar dugu errealitatera, aurreko erabakiek kutsatu gabe». Toparen ustez, baina, eskualdera begirako erabakiek «aurreko sailek hartutako erabakiekin kutsatuta jarraitzen dute».
Era berean, osasun publikoaren aldeko plataforma ez dago ados sailburuak egungo taldeaz emandako azalpenekin. Sailburuaren arabera, talde berriak «profesionalei entzuten die, baretu egiten ditu gatazkak, irtenbide partekatuak proposatzen ditu eta pazienteentzat onenak diren erabakiak hartzen ditu». Topak dioenez, ordea, «Tolosaldeko gatazkak 13 urte daramatza konpondu gabe, eta hartutako erabakietan ez zaio entzun ez pazienteari ez eta herritarrei ere».
Mediku falta
Martinezek mediku falta dagoela onartua du, eta horrek «ekitate eza» dakarrela lehen arretan adierazi du, «erkidego guztian». Topa plataformako kideek, sailburuaren hitzei erantzunez esan dute, Tolosaldean ekitate eza arreta espezializatuan eta ospitale-arretan ere ematen dela, eta hori Asuncion Klinikarekin hitzarmena sinatu zenetik gertatzen dela.
Bestalde, «arazoak konpontzen dituen ospitale sistema indartsua» dutela Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak esana du sailburuak, eta hor ere desados agertu da plataforma: «Tolosaldean izan ezik, klinika pribatuak, batzuetan arazoak sortu egiten baititu».
Osasun langileen homologazioari dagokionez, Europar Batasunaz kanpoko sendagile askok ez dutela lortzen espezialista titulua homologatzerik adierazi du Martinezek. Horren harira, eskualdearen errealitatean jarri du azpimarra Topak: «Tolosaldean, espezialisten %60 homologatu gabe dago, nahiz eta Asuncion Klinikarekin sinatutako hitzarmenak homologatua izatea exijitzen duen».
Osasun sailburuak, era berean, esana du osasun-exijentzia maila «altua» dagoela eta Osakidetzan pazientea «erdigunean» dagoela. Horren aurrean, Tolosaldean ekitatea baino ez dela exijitzen erantzun dio Topak, bertan pazienteari emandako arreta «oso prekarioa» baita, «bai lehen arretan, bai espezializatuan, bai eta ospitale-arretan ere».