22.000 euroko diru laguntza ekintzaileen eskura, enpresa berrien sorrera sustatzeko

Ataria 2024ko urr. 14a, 11:55

Tolosaldeko ekintzaileei zuzendutako diru laguntza bat jarriko dute eskura Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Tolosaldea Garatzenek, enpresa berrien balizko sorrerak aztertzeko edo enpresa proiektu berriak martxan jartzeko helburuarekin.

16 ekintzaileren proiektuak lagunduko dira diruz, bi multzotan banatuta. Horietako 10 laguntza Enpresa Plan bat sortzera bideratutakoak izango dira; hau da, enpresa bat sortzeko ideia duten ekintzaileek bideragarritasun azterketa bat egin beharko dute. Horrek ez du esan nahi gero enpresa hori sortu behar denik.

Beste sei diru-laguntzak, dagoeneko bideragarritasun azterketa egina izan eta enpresa martxan jartzera doazenentzat izango dira.

Enpresa Plana egiteko diru-laguntzak

Bi hartzaile mota ditu; 30 urtez azpiko ekintzaileentzat sei laguntza daude, eta beste lau, adin horretatik gorakoentzat.

  30 urtetik beherako emakumezkoek 30 urtetik beherako gizonezkoak 30 urtetik gorako emakumezkoak 30 urtetik gorako gizonezkoak
Laguntza kopurua 3 3 2 2
Diru laguntza 1.300 euro 1.150 euro 1.150 euro 1.000 euro

Onuradunek honako baldintzak bete behar dituzte: langabezian egotea, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, Tolosaldea Garatzenen aholkularitza jasotzea, helburu bererako beste diru laguntzarik ez jasotzea, ekonomia jardueren gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian iaztik alta eman ez izana eta bideragarritasun azterketa egiteko 2 hilabeteko dedikazioa eskaintzea.

Enpresa martxan jartzeko diru laguntzak

Beren enpresa martxan jartzera doazen ekintzaileei bideratutakoak izango dira gainerako 6 diru-laguntzak. Laguntza jaso ahal izateko, ordea, ezinbestekoa izango da bideragarritasun plana eginda izatea eta gehienez hiru hilabeteko epean autonomoetan alta ematea. Hau da, enpresa epe horretan jarri beharko da martxan. Laguntzaren banaketa hauxe da:

  30 urtetik beherako emakumezkoek 30 urtetik beherako gizonezkoak 30 urtetik gorako emakumezkoak 30 urtetik gorako gizonezkoak
Laguntza kopurua 1 1 2 2
Diru laguntza 1.950 euro 1.725 euro 1.725 euro 1.500 euro

Urriak 23

Eskaerak egiteko epea 2024ko urriaren 23an amaituko da. Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailarekin jarri beharko da harremanetan, Lehiberri Zentrora bertaratuta, 943 654501 telefono zenbakira deituta edota zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!