Kanporaketen asteburua gaur Tolosan jokatuko den Elordi eta Zabala arteko partidarekin amaituko da. Beraz, datorren asteburuan Lau eta Erdiko Txapelketa final-laurdenetako ligaxkan sartuko da, eta bertan txapelketan lehian ari diren eskualdeko lau pilotariak izango dira. Aurreko urtean finalerdietan izan ziren hirurak, Altuna III.a, Jaka eta Peña II.a, eta asteburuan bere txartela lortu duen Artola.
Lesionatuta egon da alegiarra aurreko egunetan, baina ostiralean jokatzeko prest zegoela esan zuen, eta ikusgai zegoen Ezkurdiaren aurkako partidan zer-nolako itxura emango zuen. Bada, Artolak 22-11 irabazi zion atzo Ezkurdiari Lekunberrin. Lehen zatian nahiko parekatua joan zen partida, baina gero Artola garbi nagusitzen hasi zen eta garaipena lortu zuen. 14 tanto egin eta 5 galdu zituen alegiarrak, eta Ezkurdiak 6 tanto egin eta 8 galdu. Fisikoki oso ondo ikusi zuen bere burua Artolak, eta minik ez zuela izan azaldu zuen. Ezkurdia, bere aldetik, Lekunberriko frontoiak hezetasun handia zuela kexatu zen.
Asteburuan hasiko da final-laurdenetako ligaxka. A multzoan daude Altuna III.a, Jaka, Artola eta Zubizarreta III.a. Lehen jardunaldian elkarren aurka jokatuko dute Altunak eta Artolak, Eibarren, igandean. Jakak Zubizarreta III.a izango du aurkari, Sorian, larunbatean. Peña II.a B multzoan dago, eta bertan daude Laso, Peio Etxeberria eta gaurko Tolosako partidaren irabazlea. Peña II.ak Lasoren aurka jokatuko du lehen jardunaldian, igandean, Iruñean. Beste partida ostiralean jokatuko da, Azkoitian.