Tolosaldea Garatzen garapen agentziak 208.400 euroko diru laguntza jaso du Lanbideren bidez, eskualdeko enpresa eta erakundeek egindako kontratazioetarako. Laguntza horien helburua Tolosaldeko enpresek merkatu arruntean Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeen kontratazioa erraztea da.
Gehienez 25 kontratu izango dira diruz lagundutakoak, 2024ko abenduaren 31rako eginda egon beharko dute eta mugagabeak izan beharko dute, kasu gehienetan. Laguntza 8.000 eurokoa da lanaldi osoko kontratu bakoitzeko. Enpresak jasoko duen laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du gainditu kontratatutako pertsonen soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen %75. Laguntza, ordea, ekitaldi publikoetako artista eta langile tekniko eta osagarrientzako den kasuetan, iraupen mugatuko eta lanaldi osoko sei hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko, 6.000 eurokoa izango da.
DSBE-aren titularrak edo onuradunak, 35 urtetik beherako pertsonak, luzaroko langabeak edota 55 urtetik gorako pertsonak kontratatuz gero, lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko, 10.000 eurokoa izango da laguntza; ekitaldi publikoetako artisten eta langile tekniko eta laguntzaileen lanaldi osoko eta iraupen mugatuko kontratu bakoitzeko, berriz, 7.500 eurokoa, baldin eta sei hilabete edo gehiagokoa bada.
Diru laguntzen zenbateko guztiak %10 haziko dira kontratuak emakumeekin egiten direnean. Diru-laguntzaren amaierako zenbatekoak, igoera horiek aplikatzean, ez dira izango enpresa kontratatzaileak kontratatutako pertsonen urteko soldata kostuen %100 baina handiagoak, gizarte-segurantzara kontzeptu guztien zioz egindako kotizazioa barne.
Prozedura eta irizpideak
Laguntzak lehiaketa bidez emango dira, ondorengo puntuetan ezarritako prozedura eta balorazio-irizpideak aplikatuta, aurrekontu-zuzkidura eta 2. puntuan ezarritako laguntza programako kontratazio-kopuru osoa agortu arte. Kanpoan utziko dira deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak.
Alderaketa irizpide hauen arabera egingo da:
- Lehiberri Forora edo Tolosa Gourmet club-era atxikitutako enpresak: 3 puntu.
- Emakumeak kontratatzeagatik: 3 puntu.
- Bikain edo Bai euskarari euskararen kalitate-ziurtagiria: puntu 1.
- 35 urte edo gutxiagoko pertsona baten kontrataziogatik: 3 puntu.
- 55 urte edo gehiagoko pertsona baten kontratazioagatik: 3 puntu.
- Luzaroan langabezian dauden pertsonak kontratatzeagatik: 3 puntu.
- DSBEaren titularrak edo onuradunak: 3 puntu.
- %33 edo gehiagoko desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzeagatik:3 puntu.
- Berdintasun plana izateagatik: Puntu 1.
- Tolosaldea Garatzeneko enplegu sailaren bitartez selekzio prozesua egiteagatik: 3 puntu.
- Deialdi hau argitaratzen denetik urte bukaera arte egindako kontratuengatik: 5 puntu.
- Enpresa sortu berria izateagatik (3 urte): 5 puntu.
- Sukaldean Bai eta Josi ta Josi proiektuetan parte hartu duten pertsonak kontratatzeagatik: 3 puntu.
- Lanaldi osoko kontratu bat egiteagatik: 5 puntu.
Berdinketarik balego, hautaketa irizpidea laguntza-eskaera data izango da, eta lehentasuna izango dute lehenengo eskaerek.
Eskualdeko enpresek Tolosaldea Garatzeneko bulegoan aurkeztu beharko dituzte eskaerak, Lehiberri Zentroan. Bulegoa itxita egonez gero, lan3@tolosaldea.eus helbidera idatziz egin ahalko dira. Aurkezteko azken epea 2025eko urtarrilaren 15a izango da, 15:00ak arte.