Iruñeko erailketa matxista salatu dute

Ataria 2024ko urr. 12a, 10:00

Lurgatz talde feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Amasa-Villabona eta Zizurkil batzen dituen oinezkoen zubian.

20 urteko emakume bat eraila izan zen asteazken goizean Iruñeako Errotxapea auzoan gizon baten eskutik. Urte honetan bosgarren erailketa matxista dela jakinarazi zuten atzo Lurgatz talde feministako kideek egindako elkarretaratzean.

Euskal Herriko Mugimendu Feminista urteak daramatza salatzen "indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela".

Kasu honen konplexutasunak indarkeria matxistak har ditzaken haimaka forma azaleratzen dituela esan zuten, eta agerikoa dela legeak ez duela indarkeria bere osotasunean aintzat hartzen, "horrek ematen diren egoera batzuk ezkutuan uzten dituelarik". Horregatik, mugimendu feministak "ez du biolentzia matxista bikote harreman afektiboen ondorio bezala soilik ulertzen".

Horren aurrean, indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadila eskatu zuten: "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan" 

Halaber, aipatu zuten erabat deuseztatzen dituztela "indarkeria matxista gorrotozko diskurtso arrazistak hedatzeko baliatzen dituzten hedabide eta jendarteko jokabideak, arrazakeriak ez gaitu inoiz alboan izango".

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia luzatu zuten: "Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!