Kutxa Fundazioak, Gipuzkoako musika sorkuntzaren aniztasunari ahotsa emango dion Gipuzkoako Ahotsak musika zikloa abiatu zuen urriaren 5ean, Antuxuna eta Gilda taldeen kontzertuekin. Ekimena urria eta abendua bitartean egingo da, eta 8 kontzertu bikoitz eta banakako 1 izango ditu, guztiak tokiko taldeenak, «lurraldeko talentu berri eta finkatua babesteko eta ikusarazteko plataforma gisa». Eskualdearen kasuan, hiru artistak eta bi taldek parte hartuko dute aurtengo edizioan: Ayvee, Ander Zubillaga, Alai, Postal Kolekzionistak eta Peachy Joke.
Ziklo honen helburua beren berezitasun eta sormenagatik egiteko, ulertzeko eta izateko modu berriak proposatzen dituzten ahotsei espazio bat eskaintzea da. «Musikaren bidez, artista eta sortzaileek ezarritako arauak desafiatzen dituzte, eta urrunago begiratzeko inspirazioa ematen digute, gizarte irekiagoa, inklusiboagoa eta toleranteagoa sustatuz» adierazi du Ane Abaldek, zikloaren arduradunak.
Gipuzkoako Ahotsak osatuko duten taldeen hautaketa proposamenen kalitatea eta aniztasuna bermatzen duten funtsezko adierazle batzuen arabera egin dute. «Adierazle horien artean dago musikaren kalitatea, hain zuzen ere proiektu bakoitzak maila artistiko altua duela bermatzeko. Gainera, artisten profesionaltasuna, iraunkortasuna eta ibilbidea, eta musikaren panoraman aktibo mantentzeko duten gaitasuna baloratu dira. Era berean, genero-berdintasuna funtsezko irizpidea izan da, ordezkaritza orekatua eta askotarikoa ziurtatuz, baita proposamenen originaltasuna eta estiloa ere». Beste faktore batzuk ere izan dituzte kontuan, hala nola taldeek jaso duten kritika eta aintzatespena, baita Gipuzkoan izan duten parte-hartzea ere, ingurunearekiko lotura eta garapen kulturalarekiko konpromisoa erakutsiz.
Egitaraua
- Urriak 12, larunbata: Zahra Moreno eta Ayvee.
- Urriak 19, larunbata: Eraul.
- Urriak 25, ostirala: Eneritz Furyak eta Hatxe.
- Urriak 26, larunbata: Postal Kolekzionistak eta Aria.
- Urriak 31, osteguna: Sara Mansilla eta Nuria Culla.
- Azaroak 22 ostirala: Mark Duti eta Letagin.
- Azaroak 30, larunbata: Peachy Joke eta Ander Zubillaga.
- Abenduak 6, ostirala: Ke Lepo eta Alai.
Kontzertu guztiak Kutxa Fundazioa Kluban izango dira, 21:00etan.
'Artebidea'
Artebidea Kutxa Fundazioak talentu artistikoa sustatu eta babestea helburu duen programa bat da, artistek banakako eta taldeko ezagutzaren sortzaile gisa egiten duten lanari prestigioa emateko asmoa duena. «Artebidea programaren baitan, bederatzi proiektu anitz aurki daitezke eta horietako bat da ‘Gipuzkoako Ahotsak’ zikloa. Guztien artean desberdintasunak nabariak badira ere, helburu amankomun bat partekatzen dute: arteek, humanitateek eta kulturak ezagutzaren eraikuntzan egiten duten ekarpenari balioa ematea», azpimarratu du Abaldek.
Artebidea programa, konkretuki, 2024-2030 Plan Estrategiko berriaren baitako Ezagutza biziz lan-lerroan txertatzen da. Ezagutzaren kultura sustatzea du helburu, herritarrak egungo erronka eta aukeretara hurbiltzeko, eta horrela gizartea eraldatzeko prozesuak bultzatu eta eraikitzeko.