Martxan da Etxebizitza Sindikatuko Aholkularitza bulegoa

Ataria 2024ko urriaren 9a

Tolosako Plaza Berriko Abastos eraikinean kokatuko badute ere, hilean behin beste zenbait auzotan ere eskainiko dute zerbitzua.

Iazko ikasturtean jarri zuten martxan Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatutik aholkularitza bulegoa, eta urrian sartzearekin batera, berriro ireki dute bulegoa. Bertan, etxebizitzarekin lotutako arazoak zein kontsultak edukiz gero, aholkularitza eskaintzen dutela azaldu dute. «Izan etxegabetze arrisku egoerak, alokairuarekin edota erroldarekin arazoak zein beste edozein kontsulta ebazten da», adierazi dute. Izan ere, Etxebizitza Sindikatuaren ustez, «geroz eta handiagoa da etxebizitzaren arazoa, baita haren inguruko kezka ere». 

Aurreko urtean bulegora jende ugari hurbildu zitzaiela adierazi dute sindikatuko kideek, eta izandako harrera ona ikusita, aurten bulegoa Tolosaldeko beste zenbait auzotara gerturatuko dute. Hamabostean behin irekiko dute 18:30etik 20:00etara. Bulego zentral moduan Plaza Berriko Abastos eraikina mantenduko badute ere, hilean behin beste zenbait auzotara ere eramango dute. Hala, urrian bi hitzordu jarri dituzte: urriaren 14an Plaza Berriko Abastos erakinean egongo dira, eta urriaren 28an, San Estebango auzo elkartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!