Judo Klub Tolosako Unai Saralegi eta Unai Regillaga asteburuan Alemanian izan dira, Nage No Kata modalitateko bi txapelketetan parte hartzen. Larunbatean European Kata Tournament izenekoan aritu ziren, Europako Zirkuituaren parte dena, eta bigarren postua lortu zuten. Igandean Alemaniko Kata Open-ean parte hartu zuten eta berriro bigarren izan ziren.
Munduko Txapelketara begira «proba garrantzitsua» izan dela diote, «azken entrenamenduetako lana baloratzeko eta oso ondo joan zaigu». Txapelketetan «maila oso altua» izan zela azaldu dute: «Europako Txapelketako podiumean geratutako hiru bikoteek parte hartu genuen».
Bi txapelketen formatua berdina izan zen, goizetan sailkapen fasea eta arratsaldean finalak. Larunbatekoa zen txapelketa garrantzitsuena, hori baitzen Europako Zirkuituko proba. Bertan zeuden Europako Txapelketako txapeldunak, Schmidt bikien bikote alemaniarra, Europako txapeldunorde Mauro eta Tomasso italiar bikoa, eta Saralegi eta Regillaga, Europan brontzea lortutakoak. Hiru horiez gain, Herbeheretako Van der Hulst bikien bikotea ere bertan zen, Europako txapelketetan dominak lortutakoak. Hortaz lehia bizia zen, eta are gehiago kontuan izanik guztira 10 bikote zirela eta finalerako multzoko lehen lauak bakarrik sailkatzen zirela. «Akats batek kanpoan uzteko aukerak zeuden», esan dute eskualdeko judokek.
Sailkapen fasean azken-aurreko postuan irtetea egokitu zitzaien. «Lan ona eginagatik ere, gure lehiakideen arabera lehen postua eskuratzeko modukoa zen, jasotako puntuazioa ez zen halakoa izan eta azken bikote alemaniarrak finaletik kanpo uzteko puntuan egon ziren», azaldu dute. Finaleko zozketan, berriz, lehenengo postuan irtetea egokitu zitzaien. «Goizean egindako lanari jarraituz, lan ona egin genuen. Azkenean bikote italiarrarekin berdinduta geratu ginen baina haiek izan ziren txapeldun. Kasu hauetan araudiaren arabera akats larri edo ertain gutxien dituena da irabazle», zehaztu dute judokek.
Igandean Alemaniako Open Txapelketan parte hartzeko gonbita egin zieten. «Italiarrak ez ziren geratu, eta larunbatean ikusitakoa eta gero urrearen bila joan ginen, nahiz eta jakin txapelketa honetan epaile guztiak ez zirela kontinental mailakoak eta Alemaniako epaile asko zegoela», azaldu dute Judo Klub Tolosako kideek. «Goizean sailkapen multzoan lan fina egin genuen eta lehen postuan pasa ginen finalera. Arratsaldean neke handia genuen pilatuta, bi egun oso kiroldegian sartuta pasa eta gero; hala ere kontzentratu eta beroketa ona egin ostean, gure ustez asteburu guztiko lan onena egin genuen finalean. Hala ere, puntu gutxi batzuengatik berriro ere bigarren postuan geratu ginen, kasu honetan alemaniar bikoaren atzetik».
Munduko Txapelketarako hilabete falta da. «Egiten ari garen lanarekin oso gustura gaude eta lanean jarraitzeko gogotsu, eta Las Vegasera final eta domina bila joango gara», zehaztu dute. Munduko Txapelketa azaroaren 9an jokatuko da Las Vegasen eta bertan izango dira Judo Klub Tolosako bi bikoteak: Saralegi eta Regillaga senior mailan, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri 23 urtez azpikoan.