Klinikak emandako datuen arabera, 40.000 paziente baino gehiago artatu zituzten iaz, 5.000 ospitaleratze alta baino gehiago, 97.000 kontsulta, 3.500 ebakuntza eta ia 17.000 larrialdietako arreta. «2022arekin alderatuta, ospitalearen eta haren anbulatorioen jarduera orokorra %1 hazi da, bereziki nabarmentzekoa izan da eremu kirurgikoa, %8ko hazkundearekin, eta ospitaleratzea, %11ko hazkundearekin».
Azpiegituretan eta zerbitzuetan hobekuntzak
Horiek horrela, pasa den urtea mugarritzat jo dute «Asuncion Klinikaren eraberritze integraleko prozesuan» eta gogoratu dute proiektu «anbiziotsu» honen azken aurreko fasea amaitu zela. Larrialdietako instalazioak berritu izana nabarmendu du klinikak, «ez bakarrik pazienteen irisgarritasuna eta erosotasuna nabarmen hobetzea ahalbidetu duelako, baita larrialdietako asistentzia-gaitasuna bikoiztea ere».
Berrikuntzaren eta I+Garen aldeko apustua
Asuncion Klinikaren oinarri estrategikoetako bat Ikerketa eta Garapenaren (I+G) aldeko konpromisoa dela adierazi dute, eta bide horretan, iaz adimen artifizialaren (IA) irtenbideen aplikazioan oinarritutako Hazitek barruko lau proiektu zuzendu zituzten: ebakuntza osteko konplikazioak prebenitzera bideratutako Postcig, etorkizuneko gaixotasunen aurreikuspenari buruzko Distra, adinekoen zaintza hobetzea bilatzen duen Orkesta eta larrialdietako kudeaketa adimentsua sustatzeko Inurge.