Orain berri, Leonen (Espainia) 15 urtez azpiko Espainiako Txapelketan Denok Danena taldetik hiru pultsularik zuten gutxieneko marka lortua bertan parte hartzeko. Sergio Gonzalez, Eneko Mesa eta Mohamed Reda El Byad izan ziren lehian aritu zirenak, Ekaitz Kortajarena eta Ion Ander Iriarteren gidaritzapean.
Sergio Gonzalezek 55 kilo kategorian 128 kilo altxa zituen; 57 kilo abiadan eta 71 bi denboratan eta ondo egindako lanaren sari, brontzezko hiru domina ekarri zituen etxera. Eneko Mesa, berriz, 13 urte besterik ez baditu ere, hortxe aritu zen gogor lanean Gonzalezen pareko eta laugarren postua lortu zuen. Kategoria berdinean 126 kilo jaso zituen, 56 kilo abiadan eta 70 bi denboran. «Azpimarratzekoa da Espainiako Txapelketa honetan egin zuten lana biek ere, bikain aritu ziren», zehaztu dute taldetik.
73 kilo kategorian Reda El Byad gaztearen txanda izan zen. Oso lan txukuna egin zuen, primeran egon zen. Abiadan bigarren postua lortu zuen, hirugarrena bi denboran eta hirugarren postua baita total olinpikoan. Bi modalitateak kontuan hartuta, hau da, total olinpikoan, 185 kilo altxatu zituen. «Lastima, ezin dominarik etxera ekarri, oraindik nazionalitatea ez duelako; 5 urte besterik ez darama hemen eskolatuta eta 10 eskatzen omen dizkiote», azaldu dute Denok danena taldetik. «Ea azkartzea lortzen duten prozesu guztia, mutikoak izugarrizko ilusioz entrenatzen baitu, hobetzen ari da eta baditu gaitasunak aurrera egiteko».