Peña II.ak jantzi du txapela Caixabank Mastersean

Ataria 2024ko urriaren 7a

Caixabank Mastersaren sari banaketa. @navarrarena

Zabaletarekin batera aurrelari tolosarrak 13-22 irabazi zion Altuna III.ari eta Iztuetari.

Caixabank Mastersaren finala jokatu zen atzo Iruñeko Nafarroa Arenan, eta lau pilotarietatik hiru eskualdekoak ziren. Jon Ander Peña tolosarrak jantzi zuen txapela, Zabaleta atzelariarekin batera. Txapeldunorde Jokin Altuna amezketarra eta Martxel Iztueta tolosarra geratu ziren. Azken emaitza 13-22 izan zen, baina partidaren erdialdera arte oso parekatua izan zen. Hortik aurrera, urdinek aurrera egin zuten eta garaipena eskuratu zuten.

Peña II-Zabaleta bikoak 11 tanto egin eta bost galdu zituzten eta Altuna III-Iztueta bikoak, berriz, zortzi egin eta 11 galdu.

Iñaki Artolak astearen bukaeran erabakiko du

Iñaki Artola alegiarrak min hartu zuen eskuin izterreko barrualdean pasa den irailaren 27an, Logroñoko Adarragan, Salaverri II.arekin batera Zabala-Zabaletaren aurka jokatzen ari zenean San Mateo Torneoan.

Alegiako aurrelariak orduan hasitako fisioterapia tratamenduarekin jarraitzen du eta hobera egin du. Aste honen amaieran proba bat egingo du, eta horren arabera erabakiko du Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketan parte hartuko duen ala ez. Alegiarrak igandean du Ezkurdiaren aurkako kanporaketa, Lau eta Erdiko Txapelketan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!