Pilotarientzat eta pilota jarraitzaileentzat udako torneo bereziena bilakatu da Caixabank Masters Txapelketa. Binaka jokatzen dute, baina enpresa bereko pilotariek elkarren aurka jokatzen dute, bikote mistoak osatuz, alegia. Tolosaldeko sei pilotarik parte hartu dute aurtengo edizioan. Azken hilabeteetan sailkatze fasea jokatu ondoren, atzo, finalerdietako bi partidak jokatu zituzten Nafarroa Arenan, eta eskualdeko hiru pilotarik parte hartu zuten norgehiagoka horietan: Jon Ander Peña Peña II.a tolosarrak, Zabaletarekin bikotea osatuz, Jokin Altuna Altuna III.a amezketarrak eta Martxel Iztueta tolosarrak; azken biek, elkarrekin osatu dute bikotea txapelketan. Bada, hirurek egin zuten aurrera, eta beraz, bihar jokatuko den finalean ariko dira.
Peña II.ak eta Zabaletak jokatu zuten lehen finalerdia, Peio Etxeberria eta Mariezkurrena II.aren aurka. Bikote nafarra zen faborito, lehen fasean partida bakarra galdu baitzuten. Bi bikote hauek lehen jardunaldian jokatu zuten elkarren aurka –orduan, Bikuña aritu zen Zabaletaren ordez–, eta 22-21 irabazi zieten nafarrek gipuzkoarrei. Atzokoa, baina, bestelako partida bat izan zen; Mariezkurrena II.a lesio batetik bueltan heldu zen finalerdira, eta Zabaletak sasoiko dagoela erakutsi zuen.
Lehen zatia berdindua izan zen, eta urdinak markagailuan aurretik heldu ziren atsedenaldi luzera: 10-12. Hala ere, bigarrenean Etxarrengo atzelaria nagusi izan zen atzeko koadroetan, eta Mariezkurrenak opari batzuk egin zituen; aurrelari tolosarrak, gainera, gehiago asmatu zuen errematean. 7-0eko partzial bati esker 17-13 jarri ziren aurretik, eta urdinak bi tantora gerturatu baziren ere (17-15), ez zen nahikoa izan partidan sartzeko. Azkenean, 22-16 Peña II.a eta Zabaleta garaile.
Bigarren finalerdiak bestelako itxura bat izan zuen, behintzat, lehen zatian. 12-0 aurreratu ziren gerora garaile izango ziren Altuna III.a eta Iztueta. Beraiek ziren faborito Zabala eta Imazen aurkako norgehiagokan, baina inork ez zuen uste halako alderik egongo zenik. Aurrelari amezketarra jaun eta jabe izan zen, eta atsedenalditik bueltan, aurkariek bazekiten bera saihestea zela estrategiarik onena. Hala egin zuten, eta hiru tantora hurbildu ziren: 14-11. Gorriak, ordea, ez ziren urduritu, eta euren aukerak aprobetxatzen jakin zuten. Lau tanto jarraian eginda, aldea handitzea lortu zuten (18-11), eta alde horrekin heldu ziren amaierara: 22-15.
Ondorioz, bihar jokatuko dute txapelketako finala bi bikote irabazleek, eta tartean, eskualdeko hiru pilotari izango dira. 17:00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan Jakak eta Albisuk Elordi eta Rezustaren aurka jokatuko dute. Ondoren jokatuko dute finala. Argi dago, beraz, txapela bat Amezketara edo Tolosara joango dela behintzat.