Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak agerraldia egin du, goizean, Tolosan, azken hilabeteetan eman dituzten urratsak azaltzeko. Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak adierazi duenez uztailaren 19an eskutitz bat igorri zioten Alberto Martinez Osasun Sailburu berriari, kargua hartu eta gutxira. «Mezu horretan, izendapen berriagatik zoriondu eta zorterik hoberena opa ez ezik, gure eskualdearen osasun arretaren egoerak sortzen zigun kezka adierazi genion». Gehitu du kezka horiek aurrez aurre partekatu, eta dituzten galderen erantzunak jaso nahian, irailetik aurrera Alkateon Mugimenduko ordezkaritza bat berarekin biltzeko nahia erakutsi ziotela. «Hori, esan bezala, uztailean izan zen. Bi hilabete pasa eta inolako erantzunik jaso ez genuela ikusita, bigarren eskutitz bat bidali genion, irailaren 19an. Berarekin biltzeko premia berretsi genion».
Bilera horretan, besteak beste, gai hauek jorratu nahi dituztela nabarmendu dute, era berean: «Batetik, lehen arreta. Bizi duen egoeraren gaineko kezkaz hitz egin nahi dugu, mediku faltak edota udako murrizketak tarteko. Bestetik, euskara. Tolosaldea eskualde oso euskalduna da eta kontutan hartzeko aldagaia da. Osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatu nahi dugu. Badakigu arazo hauek ez direla gure eskualdera mugatzen eta tratamendu orokorra behar dutela, baina gure eskualdean bada bereizten gaituen arazo bat».
Arazo orokorra
Esan dute badakitela arazo horiek ez direla Tolosaldera mugatzen eta tratamendu orokorra behar dutela, «baina gure eskualdean bada bereizten gaituen arazo bat». «Jakingo duen arren, eskualdeak bizi duen egoeraren berri ere eman diogu: gure eskualdeko arreta ospitalarioa Asuncion Klinika pribatuan jasotzen dugu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Invizarekin duen hitzarmenean oinarrituta». Hitzarmen hori urteetan ez dela behar bezala bete esan dute, eta klinika pribatu batek ematen duela zerbitzu publikoa «gainontzeko ospitale publikoen kalitatezko estandarrak bete gabe».
Honen aurrean Osasun Sailak ospitale berri baten eraikuntza proposatu zuela nabarmendu dute, eta ondoren berretsi izan duela irmoa dela erabaki hori. «Argi dago eraikuntza horren inguruko galdera eta kezka asko daudela, bai alkateon artean, baita herritarren artean ere. Ezer egin aurretik argitu beharreko kezkak direla uste dugun arren, eraikitzeko hirigintza izapideak egiten ari da Tolosako Udala. Zergatik? Unea iritsita, eta kezka guztiak argitu ondoren aukerarik onena hori dela argi eta garbi ikusiko balitz, prozesua zerotik abiatu behar ez izateko; hau da, dagoeneko berandu datorren soluzio baterako bidean guztia prest izan eta denborak murrizteko», gaineratu du Tolosako alkateak.
Eraikin berriari buruz dituzten kezken berri ere eman dute. «Osasun azpiegitura berriaren plan funtzionalari dagokionez, gainontzeko eskualdeen zerbitzuak izango al ditu? Ospitalea edo bereizmen handiko zentroa izango al da? Eta horrela bada, non artatuko da bertan artatzen ez dena? Zein izango da Tolosaldearen erreferentziazko ospitalea? Donostiakoa? Ala beste bat?», galdegin du Ibarrako alkate Igor Zapirainek. Alkateak gehitu du momentuz ez dutela erantzunik, eta gai horiek argitzea «ezinbestekoa» dela. «Bestalde, Asuncion Klinikak azken urteetan berritze prozesu garrantzitsua burutu du, eta 9 milioi euroko inbertsioa egin da. Zein helbururekin egin dira inbertsio horiek? Ez ote dira orain instalazioak moderno eta egokiagoak?».
Langileak ere izan dituzte gogoan gaurko agerraldian. Asuncion Klinikak 350 langile dituela esan dute eta beraz, eskualdeko enpresarik handienetarikoa dela. «Zein izango da langile horien etorkizuna? Gai hauek kontuan hartuta, Asuncion Klinikaren balizko publifikazioak suposatuko lukeena aztertzea beharrezkoa dela adierazi diogu».
Izapide urbanistikoak
Gogoratu dute «osasun azpiegitura berria» eraikitzeko orubea Osasun Sailaren esku uzteko izapide urbanistikoak bukatzen diren bitartean, klinika publifikatzea eta ospitale berria eraikitzearen arteko abantaila eta desabantailak aztertzea «zentzuzkoa» dela, «behintzat, informazio guztia mahai gainean egon dadin».
Bien bitartean Osasun Sailburuari bigarren eskutitza bidali ziotenetik bi aste pasa direla eta erantzunik jaso gabe jarraitzen dutela nabarmendu dute, «hortaz, publikoki eta hirugarrenez, epe motzean bilera bat egiteko eskatzen diogu, zalantza hauek guztiak aurrez aurre argitzeko». «Osasun Sailburuari berretsi diogu alkateon helburu bakarra argia dela: Tolosaldean kalitatezko osasun arreta publikoa jasotzea. Horretarako, dugun egoerari soluzioak bilatu behar dizkiogu, gardentasunean sakonduz eta elkarlana indartuz. Norabide horretan, gure eskaria onartu eta elkartu ahal izatea espero eta desio dugu».