Irrifesta egingo dute urriaren 12an Errebote plazan

Ataria 2024ko urriaren 4a

Errebote plazan egingo dute 10:30etik aurrera eta hainbat txoko egongo dira gerturatzen diren familientzat.

Bailarako haur, gazte eta familientzako Irrifesta antolatu du Irrika aisialdi elkarteak urriaren 12rako. Errebote plazan egingo dute eta elkartearen helburu nagusietan ardaztuko dute jaia. Nekane Aizpun Irrikako kideak azaldu duenez, «festa inklusiboa izango da; aisialdi osasuntsua bultzatu, eta noski, euskaran oinarrituko da».  Aurten Udazkena loratzen, irriak sortzen leloa aukeratu dute festarako.

Irrifestaren gai nagusia izango da udazkena eta 11:00etatik aurrera plazan jarriko dituzten txokoetan ere islatuko da hori. Besteak beste, perretxikotik perretxikora izeneko jolasa egingo dute eta sukaldaritza tailerrean, ezkur itxurako postre bat egingo dute parte hartzen duten gaztetxoek.

Ez da txoko bakarra izango, mugimendu jolasetan eta eskulanen tailerretan parte hartzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. Bizikleta txokoa eta pintxoen gunea ere izango dira Erreboteko plazan. Aizpunek azaldu duenez, txoko guztietatik pasa eta informazio gunera gerturatzen direnek opari txiki bat jasoko dute bueltan. Gainera, txartelak banatu eta zozketak egingo dituzte. «Besteak beste scape room baterako sarrerak eta bailarako jatetxe baterako otordua zozkatuko dira». 

10:30ean kalejira batekin abiatuko da, Irrika aisialdi taldeko trikitilari eta pandero jotzaileek eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du bertan. 11:00etan aterako da Irritxu plazara aurkezleekin batera, eta festari koreografia txiki batekin emango diote hasiera. 13:30 aldera emango zaie txokoei itxiera eta orduan amaituko da festa, beste dantza bat eginez.

Irrika aisialdi taldekoek gonbidapena luzatu diete bailarako herritarrei Irrifestaz gozatzera gerturatu daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!