XIV. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak sei proba hartuko ditu eta horietako hiru izango dira eskualdean; Amasan urriaren 19an izango da, Adunan azaroaren 13an eta Ibarran azaroaren 16an.
Zirkuitua urriaren 5ean, larunbatean, hasiko da Durangon eta eskualdeko hiru herriez gain, Kanpezuk (urriak 12) eta Aiak (urriak 16) hartuko dituzte probak. Azken horretan, gainera, Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute. Mendi duatloia bi diziplina uztartzen dituen kirola da, mendi lasterketa eta mendi bizikleta, eta proba horietako bakoitzak bere sailkapen propioa izango du helmugan eta emaitza horien arabera, zirkuituko sailkapenerako puntuak banatuko dituzte.
Antolatzaileek esan dutenez, zirkuitua Durangaldeko mendi ikusgarrien magalean prestatutako zirkuitu zoragarrian hasiko da eta probarako izen ematea zabalik dago; urriak 4ko 23:30ak arte egin ahal izango da kirolprobak.com webgunean. Proba hori, dagoeneko urte askotako esperientzia bildu duen Mugarra Triatloi Taldeak antolatuko du. Durangoko Tabira parkearen inguruan jai erraldoi bat antolatu dute, 11:00etatik hasita, umeen duatloi bat eta duatloi herrikoi bat ere izango direlarik, familiek kirol honetaz gozatu ahal izateko. Proba nagusia 16:00etan hasiko eta 23 kilometrotako ibilbidea antolatu dute, hauetariko zazpi korrika egin beharrekoak eta gainerako 16ak bizikletaz. Proba honetan, banaka zein binaka, erreleboka, hartu ahal izango da parte.
Antolatzaileek esan dute, Durangora bertaratu nahi duten guztiek aparkaleku handi bat izango dutela Tabirako igerileku eta futbol zelaiaren inguruan eta jatekorik eta edatekorik ere ez dela faltako. Durangoko Gozatu gozotegiak eta MercaBilbaok euren produktuak eramango dituzte, Durangoko Momotxo tabernaren eskutik tortillak izango dira eta Kaikuren esnekiak ere banatuko dira parte hartzaileen artean. Izena ematen duten guztiek, gainera, Roger markako osagarriren bat eramango dute etxera opari eta hauek animatzera edo proba ikustera joaten direnak ere ez dira aspertuko, proba zirraragarri batez gain, ingurua alaituko duen DJ eta hizlari bat ere izango baitira bertan. Mendiaz, kirolaz eta inguruaz gozatzeko plan zoragarria dago, beraz, urriaren 5ean Durangoko Tabira inguruan.