Txirrindularitza Gipuzkoan «egoera oso larrian» dagoela esan du Aitor Aiertzak. Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakaria da eta uztailean beraien kargua utzi zuten Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritza batzordeko kideetako bat. Txirrindularitza aurrera eramateko Gipuzkoan bizitzen ari diren «oztopoak» salatzeko egin zuten kargu uztea, eta urriaren 13an Donostian egingo den mobilizazioa antolatu dute.
Federazioko zuzendaritza batzordeak planto egin zuen uztailean. Aurretik tira-birak izaten ari ziren Ertzaintzarekin, txirrindularitza probak antolatzerakoan, eta abuztuaren erdirako aurreikusita zeuden bi proben inguruko informazioak sortu zuen kargua uzteko erabakia hartzeko txinparta. «Astean zehar egin behar ziren proba horiek eta urtearen hasieran esan ziguten ez zela arazorik izango», esan du Abraham Olano federazioko teknikariak. «Garaia iritsi zenean bi proba horien baimenak kudeatzeko, ezezkoa iritsi zitzaigun. Gipuzkoako Ertzaintzara deitzerakoan, esan zuten urtarrilean baiezkoa esan zutela agindu politikoak medio, baina orain ez zutela sinatuko».
Egoera horren aurrean nahikoa dela esan zuten federazioko zuzendaritzatik. «Guri adarra jotzen ari zaigula ikusi dugu, beti trabak jartzen, baimenak bi edo hiru egun lehenago iritsiz, eta gu oso nekatuta geunden, eta erabakia hartu genuen», esan du Aiertzak. Astean zehar izatearen argudioa jarri zieten Ertzaintzatik, baina federazioko kideek ez dute ulertzen. «Beste urteetan egin izan da. Gainera abuztuan da, jendea oporretan dago eta ez dago hainbeste mugimendu enpresetan. Horrez gain, Bizkaian astegunetan egiten dira probak», esan du Olanok.
Txirrindulari probak antolatzerakoan beste hainbat oztopo ere jartzen dizkietela plazaratu dute Olanok eta Aiertzak. «Txirrindulari gaztetxoak, tropeletik kanpo geratzen direnean, lasterketatik kanpo segituan uzten dituzte, trafikoan arazoak sortuko direla argudiatuta», esan du Olanok. «Baina neska eta mutil horiek nola egongo dira motibatuta, ez bazaie uzten lasterketa bukatzen ere? Txirrindulari gaztetxoak kirola uzten ari dira, proba bakoitzean lasterketatik kanpo uzten ari zaizkielako». Ez dagoela tarte ofizial bat zehaztuta salatu dute: «Pasatzen diren errepideen arabera, eta proba horretara etortzen den ertzainaren arabera hartzen dira erabakiak».
Gipuzkoan ezarrita dagoen beste arauetako bat da, errepide berera itzultzeko hiru kilometroko zirkuitua egitea beharrezkoa dela. «Hainbat herri daude Gipuzkoan probak antolatu nahi dituztenak, baina ez dute baldintza hori betetzen», esan du Olanok. Bestalde, martxa zikloturistetan lehenengoaren eta azkenekoaren arteko tartea 15 minutukoa dela salatu dute. «Kontuan izan behar da ez direla lehiaketak, eta bakoitza bere erritmoan joaten dela. Gainera, bi ibilbide egiten badira, ibilbide luzekoek derrigorrez lehenengo ibilbide motza egin behar dute eta helmugatik pasa, gero jarraitu ahal izateko. Hori ez da Bizkaian pasatzen».
ESERI ETA ADOSTEA NAHI DUTE
Aiertzak zehaztu duenez, «mahai baten bueltan esertzea eskatzen dugu, gauzak hitz egin eta adostasunetara iristeko. Ez dugu esaten guk nahi duguna egitea, baizik elkartu eta elkarrekin irtenbideak topatzea, baina ez dugu lortzen».
Aurtengo Gipuzkoako errepideko txirrindularitza egutegia amaitu da, baina dagoeneko datorren urteko egutegia zehazten egon beharko litzateke. «Guk kargua utzita dugu, zuzendaritza batzordea jardunean dago, baina erabaki dugu ez dugula ezer antolatuko», esan du Aiertzak. «Pistako txirrindularitzari dagokionez, urrian hasi behar izaten da bizikletak banatzen entrenatzen hasteko, baina hori geldituta dago». Eskola kirola hasita dago beste kiroletan, baina ez txirrindularitzan. «Egutegia geldituta dago. Lau proba zeuden aurreikusita orain mendiko bizikletan eta ziklo-krosean Gipuzkoan, tartean Tolosakoa, eta horiek geldituta daude. Gipuzkoan txirrindularitza erabat geldituta dago, eta egoera oso larria da».
Une honetan ez dagoela federaziorik gaineratu du Aiertzak. Aurten zuzendaritza batzorderako hauteskundeak tokatzen dira, baina ez da inor aurkeztu. «Txirrindularitza geldirik dago, eta eskatzen ari gara mahai hori gauzak adosteko, baina ez da iristen, eta horregatik manifestazioa antolatu dugu».
Urriaren 13an izango da mobilizazioa, 11:00etan hasiko da Donostiako Belodromotik, eta ondoren udaletxeraino joango dira. «Egoera honen aurrean haserre dauden guztiei dei egiten diegu bertara joateko, eta beren haserre hori azaltzeko», esan du Aiertzak. «Txirrindulariei eta beren gurasoei parte hartzera dei egiten diegu, klubetan dagoen egoera ere oso larria delako. Ez dakigu zer esan gure eskolan daudenei, ez dakigulako kirol hau egiteko aukera izango duten».