Eskualdeko lau pilotari, Lau eta Erdiko Txapelketan

Ataria 2024ko urr. 1a, 12:54

Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena, gaur goizean, Bilboko Bizkaia frontoian. JULEN ETXEBERRIA/BERRIA

Altuna III.a, Jaka eta Peña II.a final-laurdenetako ligaxkan hasiko dira lehian. Artolak Ezkurdiaren aurka du kanporaketa urriaren 13an, baina lesionatuta dago, eta datorren astean argituko du prest egongo den.

Eskualdeko pilotari bat finalean izateko aukera ugari izango dira beste behin Lau eta Erdiko Txapelketan. Iazkoan hiru pilotari finalerdietan izan ziren, eta horiek lehia final-laurdenetako ligaxkan hasiko dute: Jokin Altuna amezketarra (iazko txapelduna), Erik Jaka lizartzarra eta Jon Ander Peña tolosarra. Altuna III.a eta Jaka A multzoan izango dira eta Peña II.a B multzoan. Tolosarrarekin batera, B multzoan zain egongo da Peio Etxeberria, iazko txapeldunordea.

Iñaki Artola alegiarra parte hartzaileen zerrendan dago, baina ostiralean izandako lesioren larritasunaren arabera parte hartuko du. Osasun probak egin ondoren, datorren astean zehaztuko dute jokatzeko gai izango den. Hitzordua Ezkurdiaren aurka du, urriaren 13an, Lekunberrin. Irabazlea final-laurdenetako ligaxkan sartuko da, A multzoan.

Aurrekanporaketak jokatuko dira asteburu honetan, larunbatean. Baiko Pilotaren aldetik Zubizarreta III.ak eta Larrazabalek jokatuko dute, Zallan. Asperen aldetik, Dariok eta Salaberriak jokatuko dute, Ezkarain. Hurrengo asteburuan jokatuko dira final-zortzirenetako kanporaketak. Ezkurdia eta Artola artekoaz gain, urriaren 11n, Agoitzen, Urrutikoetxeak Larrazabal eta Zubizarreta III.aren arteko irabazlearen aurka jokatuko du. Tolosako Beotibar frontoiak hartuko dute beste partida, Elordi eta Zabalaren artekoa, urriaren 14an, eta laugarren kanporaketa Bilbon jokatuko da, urriaren 12an, eta bertan Lasok Dario eta Salaberriaren arteko irabazlearen aurka jokatuko du.

Final-laurdenetako ligaxkan hiru jardunaldi jokatuko dira, eta finalerdiak azaroaren 9an (Iruñea) eta 10ean (Eibar) izango dira. Final handia azaroaren 24an jokatuko da, Bilboko Bizkaia frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!