Azoka izan da gaurko protagonista eskualdean

Leyre Carrasco 2024ko irailaren 29a

Azoka eguna izan dute eskualdeko zenbait herriek; esaterako, Asteasun, Goiatzen eta Alegian izan da zer ikusi, dastatu eta erosi goizean zehar.

Asteasun, urteroko azoka ospatu dute goizean. Artisau eta nekazal postu ugari izan dira plazan eta pilotalekuan. Ohi bezala, ganadu erakusketa ere izan da plazako ondoko zelaian. Bertan, asto ibilaldiak egiteko aukera ere izan dute txikienek, Astotreken eskutik. Perratze lanak eta sega pikatzeko lanak egiten ere erakutsi diete herritarrei, eta beste hainbat erakustaldi ere izan dira. Tartean, herriko kalabazen erakusketa eta arroz esne lehiaketa egin dituzte. Tripa betetzeko taloak edota txekor erre pintxoak ere izan dira aukeran.

Goiatzen ere hainbat ekoizle, artisau eta jostunen postuak izan dira. Horretaz gain, jateko sardina erreak eta taloak, baita edateko txakolina eta sagardoa ere. Alaitz Aramendi eta Garazi Zubizarreta trikitilariak izan dira giroa animatzen.

Alegian ere urteroko azokari eutsi diote. Aurten, hamazazpigarren edizioa izan dute eta, guztira, 35 postu jarri dituzte plazan eta San Juan kalean zehar. Giro ederra izan dute, eta gainontzekoetan bezala, Alegian ere mokadurako aukera izan dute bertaratu direnek.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!