XXIII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak txapelketan Adunako Aburuza eta Tolosako Isastegi sagardotegiek urrea lortu dute. Astigarragako Zapiain sagardotegia izan da irabazlea.
Atzo egin zuten ekitaldia Gipuzkoako foru jauregiko tronu aretoan. Lortutako puntuazioaren arabera aurtengoan bi kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea jaso dute 72 puntutik gora lortu duten sagardoek, eta zilarra 65 eta 72 puntu artekoek. Zilarra, Lizeaga sagardotegiarentzat izan da, eta urrea berriz, Aburuza, Alorrenea, Altzueta, Begiristain, Isastegi, Oiharte, Petritegi, Zapiain eta Zelaia sagardotegientzat. Txapeldunetan txapeldun, Zapiain sagardoa izan da. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko eta zilarrezko sailkapena erakutsiko duena.
Ekitaldian Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu du lehiaketaren helburu nagusia dela bertako sagarrarekin egindako sagardoaren, alegia, Euskal Sagardoa jatorri-izendapenera bideratutako sagardoaren kalitatea aitortzea, sustatzea eta saritzea. «Gure izaerari, lurrari, paisaiari eta kulturari sakon lotutako produktu nagusietako bat da sagardoa. Gure herriaren eta lurraldearen ikur sendoenetako bat da sagardogintza, gipuzkoar baserrietako lan ona eta produktuen kalitatea ezin hobe islatzen duena».
Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, berriz, sagardogileen lana goraipatu du: «Gure sagardogileek atsedenik gabe egiten duten jarduna aitortzeko helburuarekin egin zen lehen aldiz txapelketa hau duela 23 urte, eta egun ere lan hori balioan jartzen jarraitzen dugu».Era berean, ekitaldia aprobetxatu du sagardogintzak belaunaldi erreleboaren aurrean duen erronka gogorarazteko. «Sagardogintza oso erakargarria bada ere, gero eta zailagoa da belaunaldien arteko erreleboa hemen ere». Ildo horretan, Arrutik Gipuzkoako Foru Aldundiak abian dituen programak aipatu ditu, «hala nola, Gaztenek edo Baserritar Misto Profesionala bezalako ekimen eta bestelako politikak», belaunaldi berriak lehen sektorera erakartzeko.
Urtero bezala, Aldundiko Fraisoro Laborategiko dastatzaileek osatutako epaimahaiak egin du sagardoen lehen aukeraketa, eta haiek izan dira lehen sailkapenean urrea eta zilarra esleitzearen arduradunak. Aurrez, aurkeztutako sagardo guztiei egin zaie analisi fisiko-kimikoa, dastatze organoleptiko fasera pasatzeko proba hau gainditzea ezinbesteko baldintza baita. Bigarren fasean urreen artean txapelduna aukeratzeko, aldiz, sagardotegiek beraiek proposatutako hiru pertsonek, Lur Basurto, Mikel Rodrigez eta Xabier Zabaleta eta Fraisoroko dasta-paneleko hiru dastatzailek osatu dute epaimahaia. Txapelduna aukeratzeko, lagin guztien alderdi analitikoa eta organoleptikoa aztertu dira, eta dastaketa-panelak zentzumenezko analisiak egiteko metodoa jarraitu du.
Aurten ere sari bereziak eman dira sagardo berritzailearen eta sagardo apardunaren kategorian. Sagardo hauek baloratzeko aparteko epaimahai bat sortu da sumiller eta aditu ezberdinez osatua. Bi kasuetan, Zapiain sagardotegia izan da saritua. Sagardo berritzaileenen kategorian, Joanes 2024k izan da sagardo bereziaren saria jaso duen sagardoa. Sagardo apardunei dagokienez, Anzestrala 2021ek jaso du saria.
Sari banaketan, aurrera begira dituzten erronken berri eman du Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaileak. «Datozen urteetan %100 Euskal Sagardoa izatea da helburua, eta bide horretan, sagasti gehiago landatzen jarraituko dugu. Bestetik, datozen 3-4 urteetan gure taberna eta jatetxeetan Euskal Sagardoaren presentzia areagotzea izango da beste erronka nagusi bat. Taberna eta jatetxeek sagardo kartak izatea da gure helburua, jendeak Euskal Sagardo desberdinak aukeran izan ditzan».