Arrubalen eta Santo Domingo de la Calzadan jokatutako finalaurrekoen ondoren, San Mateoetako IV. Torneoari oraindik onena geratzen zaio, larunbat honetan, irailak 28, eguerdian, Errioxako pilotaren erdigune nagusian, Adarraga pilotalekuan, jokatuko diren finalak.
Ziur bertako zaleak Logroñon txapeldun izatea zer den badakien Andrea Capellanen alde egongo direla. Santo Domingo de la Calzadakoak 2022an irabazi zuen txapela, orain arteko hiru edizioetako txapeldun izan den Olatz Arrizabalaga eskoltatuz. Horretarako, emakumezkoen beste erreferentzia handi baten laguntza izango du, edozein partidaren erritmoa aldatzeko gai den Amaia Aldairena. Faboritoak ziren atzelari errioxarraren etxean jokatu zuten finalerdian eta euren konpromisoa erraz atera zuten aurrera.
Parean Zabaleta-Erasun izango dituzte, ikuskizuna bermatzen duen bikoa. Leitzako aurrelaria teknika handiko aurrelari oldarkorra da, aurreko koadroetan tantoak bukatzeko postura guztiak menperatzen dituena, hitz bitan esateko, Errioxako ikusleek hain gustuko duten joko alaia egiten duen pilotaria. Atzean Itxaso Erasun izango du, Logroñon denboraldi honetan eman duen aurrerapausoa berretsi nahi duen pilotaria.
Giro ona ere bermatuta dago, eta beraz, Adarraga izan daiteke San Mateo festetako larunbatari hasiera emateko lekurik aproposena. 12:00etan hasiko da jaialdia, larunbatean, eta pilota mistoko gazteen finala jokatuko da lehendabizi, Uriarte-Bertiz eta Gomez-Bilyak bikoen artean. Ondoren, elite mailako finala izango da, Aldai-Capellan eta Zabaleta-Erasun bikoteen artean.
68 pilotarik hartuko dute parte aurtengo 3 Hiriburuak txapelketan
Aurreko edizioek izandako harrera bikainak hauspotuta, emakumezkoen esku pilota egutegian bere lekua egiten ari den 3 Hiriburuak txapelketak bere hirugarren ekitaldiari ekingo dio igande honetan Donostiako Atano III.ean. Euskadiko hiru hiriburuetan jokatzen den txapelketa honek hazten jarraitzen du eta aurten partaide kopuruan beste jauzi bat emango du eta 68 izan dira lehiaketa honetan izena eman dutenak. «Txapelketa guztia hiru jardunalditan garatuko denez, beldurrik gabe esan dezakegu 3 Hiriburuak hau dela urteko zitarik trinkoena», azaldu dute antolatzaileek.
Beste behin, Emakume Master Cup zirkuituak hasieratik izan dituen printzipioei leial, Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen txapelketa hau erabat irekia izan da, hau da, parte hartu nahi duten emakume guztiek izan dute izena emateko aukera. Aukera hori zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den plaza bat izan dezan, txapelketa bost maila desberdinetan banatuko da; pilota goxoko bat eta beste lau gero eta errotuagoa dagoen pilota mistoarekin: hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak.
Txapelketari igande honetan bertan, irailak 29, emango zaio hasiera Donostiako Atano III.a mitikoan, egun osoko pilota maratoi batekin. Bertan maila guztietako aurre-kanporaketak jokatuko dira eta aurrera egitea lortzen dutenek urriaren 6an izango dute hurrengo hitzordua, emakumeen esku pilotan hain berezia bilakatu den Bilboko Esperantza pilotalekuan. Finalak urriaren 13rako daude iragarriak, Gasteizko Ogetan pilotalekuan.
Elite mailari dagokionean, aurten zortzi bikotek hartuko dute parte, tartean Itxaso Erasun zizurkildarraren eta Miren Larrarte bidaniarraren parte hartzearekin: Etxegarai-Oses, Arrizabalaga-Zabala, Zabaleta-Mendizabal, Uriarte-Capellan, Arraiza-Gaminde, Salsamendi-Bergara, Aldai-Erasun eta Larrarte-Perez. Aldai-Bergara izan ziren iazko irabazleak, baina aurten banandurik arituko dira oso orekatua espero den txapelketan.