Bueltan da arnasguneetako ikasleei zuzendutako bideo sormen lehiaketa

Ataria 2024ko irailaren 25a

Pasa den urteko sari banaketa.

Arnasa Gara ekimenaren barruan, Arnasetik bideo sormen lehiaketa deitu du hirugarren urtez Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta sustatzeko asmoz.

Euskararentzat arnasguneak diren udalerriak zein bertako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egitea dira ekimen honen oinarri nagusiak. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena, eta funtsezkoak dira Euskal Herri euskaldunago bat lortzeko. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik. Sustatzaileak Uema, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua dira.

Arnasetik bideo sormen lehiaketa

Arnasetik bideo sormen lehiaketa da, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendua (LH-5etik DBH-4ra) eta udalerri euskaldunetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta piztu nahi du. Lanak urriaren 31 bitarte entregatu daitezke. Gaur egungo gazteen komunikazio-hizkuntzara eta teknologia berrietara egokitutako lehiaketa da, eta teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak landuko dira. Hala, euskaraz ekoiztutako ikus-entzunezko piezen eta sormen lanen erakusleiho bihurtuko da Arnasetik. Gazteen etorkizunerako begirada sortzaileak pizteko asmoarekin, lehiaketan modu ezberdinetan parte-hartzeko aukera egongo da eta kategoria ezberdinetako sariak egongo dira. Horrek esan nahi du  banaka, talde lanean edo-eta eskolartekoan jorratu daitezkeela lanak.

​​​​​​​Sariak
2.000 euro egongo dira 4 kategorietan banatuta. Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokidea izango du.
• LH 5-6  kategoriako lanik  onena (500 euroko sari baliokidea).
• DBH 1-2 kategoriako lanik  onena  (500 euroko sari baliokidea).
• DBH 3-4  kategoriako lanik  onena (500 euroko sari baliokidea).
• Publikoaren saria (500 euroko sari baliokidea).

Informazio gehiago arnasagara.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!