Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

«Bertso munduan kamerariak onartuagoak gaude»

Jon Miranda Labaien 2024ko ira. 26a, 11:59

Aratz Arzelus eta Irene Zaldua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren jarraipen grafikoa egiten ari dira; Arzelusek argazkiak ateratzen ditu saioetan eta bideoz jasotzen ditu irudiak Zalduak. Gustura ari dira beren lanean.

Abiatu du bere bidea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Iruditan jasoko dute bertan gertatutakoa Irene Zaldua Tapiak (Zizurkil, 1997) eta Aratz Arzelus Aranburuk (Amasa, 2006). Objektiboaren atzetik ikusten dutenaren berri eman dute.

Nola sortu zaizue aukera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kamerari aritzeko?

Aratz Arzelus. Andoainen ikus-entzunezko goi-mailako modulua ikasten dut eta praktikak egin nituen aurreko udaberrian Bertsozale Elkartean. Hedapen sailean aritu nintzen, Xenpelar Dokumentazio Zentroan, Hitzetik Hortzeran eta Bertsoa.eus-en. Horri eskerrak Gipuzkoa Bertsotan fasean aritu nintzen saioak grabatzen. Orain, udazkenean, Maria Ortega elkarteko komunikazio arduradunak txapelketan argazkiak ateratzea proposatu zidan eta baiezkoa erantzun nion. Hasita nago. Lehenengo final-zortzirenetan ibili naiz argazkiak ateratzen eta gustura nabil asteburuetan daukadan plan honekin.

Irene Zaldua. Nire kasuan, nire lanaren parte da txapelketaren jarraipena egitea. Duela bi urte hasi nintzen Bertsozale Elkartearen hedapen sailean lanean, Hitzetik Hortzeran kamerari bezala ibiltzeko norbait behar zutelako. Txapelketa Nagusia hasita zegoen eta sartu eta berehala Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) saiora joatea egokitu zitzaidan. Euskal Herrikoan, Bizkaikoan, Nafarroakoan eta Arabakoan aritu naiz . Gipuzkoakoan finalerdietan sartuko naiz azaroan; zuzenekoak egingo ditugu hiru saioetan eta finalean.

Zein da zuen egitekoa txapelketan?

Arzelus. Argazkiak ateratzen ditut saioetan. Oholtza gainean ari diren bertsolari, gai-jartzaile eta publikoari ateratzen dizkiot argazkiak.

Zaldua. Ni, normalean, oholtza gainean publikoari begira egoten naiz. Bertsolariak eta ni egoten gara han goran.

Zertan jartzen duzue arreta publikoari enfokatzerakoan?

Zaldua. Gauza askori. Ohiko saioetan jende gutxiago ibiltzen da eta ordu eta erdi pasatzen duzu beti jende iguala grabatzen. Esango nuke jende hori errekonozituko nukeela kalean ikusiz gero. Txapelketan, ordea, jende asko egoten da. Dena den, ez gara guztiengana iristen, argiztatuta dagoen zonaldea aukeratzen dugulako irudiak hartzeko. Saiatzen gara keinuak harrapatzen, jendearen erreakzioa jasotzen.

Arzelus. Bai, nahi gabe ere, ezagutzen duzun jendea jotzen duzu begiz. Oso adierazkorrak direnek, adibidez, jokoa ematen dute argazkitarako.

«Publikoan oso adierazkorrak direnek joko gehiago ematen dute argazkitarako»

ARATZ ARZELUS - Argazkilaria

Zaldua. Jende batek lo hartzen du saioetan, seko geratzen da. Lanak izaten ditugu irudietan jende hori saihesten [barrez]. Saioetan beste gaitasun bat ere garatu dut: ahaidetasunak identifikatzen. Bertsotan ari denaren eta publikoko jendearen arteko antza harrapatzeko gai naiz. Antza fisikoaz gain, haien imintzioetan ere ikusten da sufrimendua edo poza. Erraza da antzematen.

Inor haserretu al zaizue noizbait euren irudiak ateratzeagatik?

Zaldua. Aurrekoan San Telmo museoan saio bat grabatu genuen eta publikoa oso gainean genuen. Batek alde egin zuen ni ikusitakoan. Hala ere, jendeak ez du ia inoiz eragozpenik jartzen, badakite saio batera joanez gero, irudietan ateratzeko arriskua dutela. Bertso munduan kamerariak onartuagoak gaude beste ikuskizun batzuetan baino.

Arzelus. Are gehiago, tokatu izan zait baten bat eske etorri izana. Aurrekoan emakume bat gerturatu zitzaidan esanez bertsolari ezagun bat zuela eserita aurreko eserlekuan eta ea disimuluan aterako ote nion argazkia bera atzean agertzen zela. Ilusio handia egiten ziola harekin erretratu bat edukitzeak. Bota nion bada argazkia eta gustura geratu zen emakumea.

Bertsolariak ere izaten dituzue jo-puntuan?

Zaldua. Oholtza gainean egoten naizenetan nik ez dut haien irudirik ateratzen. Bertsolari bat atzekoei kantatzen ari bazaie erreakzioak jasotzeko grabatzen dut irudiren bat, baina gainerakoan publikoan zentratzen naiz. Publikoan eta gai-jartzailean ere bai. Hor beti arazoa izaten dut irakurtzeko papera aurpegi parean jartzen duenarekin. Baina moldatzen naiz.

Arzelus. Nik oholtza azpitik ateratzen dizkiet argazkiak bertsolariei. Ez da erraza kantatzen ari diren bitartean argazki ona ateratzea. Hor zaila izaten dena da begiak irekita harrapatzea. Lau kliskatzetatik hirutan aterako zaizu bertsolaria begiak itxita.

Maila berean dira erretratagarriak bertsolari guztiak?

Arzelus. Esango nuke batzuk errazagoak direla beste batzuk baino. Badira batzuk beti aurpegi berdinarekin kantatzen dutenak eta beste batzuk keinu gehiago egiten dutenak. Ez dut izenik esango, badaezpada [barrez].

Areto guztiak dira egokiak zuen lanerako?

Arzelus. Final-zortzirenetan antzokietan izaten dira saioak eta toki ilun samarrak tokatu zaizkit. Bertsolariak argiztatuta egoten dira, baina publikoa askotan ez.

Zaldua. Txapelketetan hori zaintzen da, baina saio normaletan ez hainbeste. Publikoa dagoen toki hori iluntzeko joera egoten da. Horretarako ederra da ATARIA-k antolatzen duen bertso jaialdia. Leidorren publikoa zabal-zabal ageri da, ongi argiztatuta eta errazagoa da haien keinuak jasotzea.

Jendea begira geratzen al zaizue saioetan?

Arzelus. Bai, ni saiatzen naiz toki ezberdinetatik argazkiak ateratzen eta ondotik pasatzerakoan publikoan dagoen jendeak begiratu egiten zaitu. Baina ni ez naiz asko lotsatzen.

Zaldua. Ni ere ez. Jendea ez ahal da niri begira egongo oholtza gainean zortzi bertsolari edukita. Gu saiatzen gara jantzi beltzak eramaten arreta gehiegi ez deitzeko. Hala ere, pasa izan zait kalean barrena joan eta norbaiti aldamenetik entzutea, 'horrek bertsoak grabatzen ditu'. Dena den, ez da hori alderik makurrena, okerrena saioetan mugitu gabe hainbeste denbora pasatu behar izatea da. Hiru ordu eta erdiz oholtza gainean zutik egon behar izaten dugu mugitu gabe eta neketsua da.

«Hiru ordu eta erdiz oholtza gainean zutik egon behar izaten dugu mugitu gabe eta neketsua da»

IRENE ZALDUA - Telebistako kameraria

Zuen lanean ari zaretela jarraitzen al dituzue bertsoaldiak?

Arzelus. Bai, normalean bai. Argazkiak ateratzen ari naizela jarraitzen dut saioa. Batzuetan deskonektatzen dut baina mundu guztiak bezala, pentsatzen dut.

Zaldua. Zein kameretan egokitzen zaizunaren arabera egoten da. Oholtza azpian baldin bazaude, bertsolariaren plano finkoa hartu behar izaten duzu eta aukera ematen dizu entzuten egoteko. Publikoari begira egotea tokatzen bazaizu, ordea, haiekin zaude uneoro, eta dezente deskonektatzen duzu. Askotan publikoa barrez hasten da zuk zergatik jakin gabe. Dena den, gero editatzerakoan bertsoaldi bera gutxienez hiru alditan entzun behar dudanez, ederki jabetzen naiz.

Bertsotan aritzen zara zu, Aratz. Ezagutza hori abantaila da zure lanerako?

Arzelus. Baietz esango nuke. Errazagoa da gustukoa duzun gai batekin lan egitea. Pentsa hainbeste denbora pasa behar izatea gustatzen ez zaizun gauza bat entzuten. Nazkatu ederra hartuko zenuke.

Zaldua. Ni ez nintzen bereziki bertsozalea. Herriko festetako saiora eta horrelakoetara joaten nintzen, justu-justu. Ez nuen bertsolaritza jarraitzen eta orain pixka bat zaletu naiz. Gustatzen ez bazaizu tortura baten antzekoa behar du izan.

Arzelus. Gainera bertsozale izatea lagungarria da, argazkitarako ez hainbeste, baina bertsoaldiak bideoetan editatzerakoan, mesedegarria da bertsoaren egitura zein den jakitea.

Baduzue faboritorik aurtengo txapelketarako?

Zaldua. Ni ez naiz hainbesterako zalea. Ez dakit esaten.

Arzelus. Txapela lortzeko faborito ez dakit, baina bereziki animatuko dut June Aiestaran, laguna dudalako eta nirekin ibiltzen delako bertso eskolan. Biok irakasle izan dugun Ane Beloki ere ari da parte hartzen eta hark ondo egitea nahi nuke. Eta gero, Harituzen ibiltzen naizenez, Unai Mendizabalek, Beñat Iguaranek eta Etxordek egingo dutena jarraituko dut. Esperantza, Oihana Iguaranekin daukat, herrikoa dut eta finalean egotea nahi nuke.

Irudiak atera eta hor bukatzen da zuen lana?

Zaldua. Hitzetik Hortzerako denboraldi honetan hasi naiz bertsoaldiak editatzen. Orain arte, kamera bakarrarekin ateratakoak editatzen nituen eta orain batekin baino gehiagorekin grabatutako saioekin hasi naiz. Hala ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan Oiartzun, Zarautz, Arrasate eta Donostian zuzenekoak eskainiko ditugunez, ez dut lan hori hartuko.

Arzelus. Nire kasuan argazkiak atera eta hor bukatzen da nire lana. Komunikazio arduradunari pasatzen dizkiot eta berak egiten du aukeraketa. Oraingoz, final-zortzirenetan saio bakoitzeko 20 bat argazki publikatzen dira, nahiz eta nik 200 baino gehiago atera.

Non daude ikusgai zuek ateratako irudiak?

Arzelus. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren webgunean argazkien atalean daude ikusgai.

Zaldua. Bertsoa.eus-en daude ikusgai orain arteko final-zortzirenetako bertsoaldi onenak.

Zer moduzko lan taldea da txapelketaren antolakuntzaren atzean dagoena?

Arzelus. Gipuzkoa Bertsotan fasean ezagutu nituen dagoeneko antolakuntza taldean dabiltzanak eta oso jende jatorra da. Nik ez dut gida baimenik, beraz haiekin joaten naiz saioetara, batzuetan goizerako, besteetan eguerdirako. Ahal dudala muntaian laguntzen diet. Gustura nabil, giro ona dago gure artean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!