Leonen (Espainia) ari da jokatzen txapelketa, eta Lizasoren parte hartzea gaur izango da. Lizaso hautatua izan da ere Europako Junior Txapelketan parte hartzeko; Poloniako Raszyn herrian egingo da, urriaren 26tik azaroaren 3ra.
Bi txapelketa horietara joateko, prestaketa moduan egonaldia egin du Lizasok Sierra Nevadako CAR-en, abuztuaren 18tik 31ra. «Gogor ari da entrenatzen, egun askotan saio bikoitzak egiten dituelarik, eta oraindik ez du oporraldirik izan. Egun gutxi batzuetan etxekoei bisita egin badie ere, ez ditu bere entrenamendu saioak alde batera utzi», zehaztu dute klubetik. Lizasok 19 urte bete berriak ditu eta iazko ikasturtean Madrilgo Goi Errendimendu Zentrora joatea erabaki zuen bere ikasketak eginez hain gustuko duen kirola egitera. Oso denbora gutxi darama halterofilia praktikatzen eta oraindik txapelketetan aritzeko beste pultsulari batzuk adina esperientzia ez badu ere, «handiak dira egin dituen lorpenak eta oraindik asko dauka emateko». Denok Danenatik indar guztiak bidali dizkiote gaurko saiorako: «Esperientzia berria eta aberatsa izango da berarentzat».
Denok Danena, entrenatzeko «leku egoki» baten bila
Denok Danena taldea bere kexua azaldu du entrenatzeko lekuaren inguruan: «Danena orain dela 34 sortu zen Zizurkilen eta hasieratik hona gure egoera ez da batere hobetu entrenatzeko izan ditugun lekuei dagokionez. Urte guzti hauetako emaitzak, Gipuzkoakoak, Euskadikoak, Espainiakoak, Espainiako Liga Nazionalean Ohorezko Mailan, Europakoak, Munduko Txapelketak, beste nazioarteko batzuk, ahaztu gabe olinpikoa izan genuen Jon Tecedor ere..., oso baldintza kaskarretako guneetan entrenatuz lortu ditugu». Zaletuak, gaztetxoak hasteko gogoz eta kirolariak ate joka dituztela azaldu dute, «baina ezekoak ematera behartuta gaude, ez dugulako baldintza egokiak betetzen dituen leku egokirik».
Klubak gaineratu duenez, «izugarrizko penaz» bizitzen ari dira egungo egoera. «Gure nahia sorgunera itzultzea bazen ere, hau da Zizurkilera, urte batzuk badira, bertan, hainbat eskakizun egiten daramatzagunak gimnasio duin bat eskatuz. Behin eta berriro baiezkoa esan eta esperantzak eman arren ez dute inolako aurrera pausorik ematen», zehaztu dute klubetik. «Gure emaitzengatik zoriontzen gaituzte baina ez gaituzte aintzakotzat hartzen. Egoera honetan jarraitzea ezinezkoa da eta Villabonan edo interesa azaltzen duen beste nonbaiten mugitzen hastea izango da hurrengo pausoa».