Artisau eta nekazal azoka berezia igandean egingo dute Alegian. Hamazazpigarren edizioa izango du aurten eta, guztira, 35 postu jarriko dituzte. Azoka 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik eta «askotariko produktuak» izango dituzte salgai, besteak beste, frutak, etxean egindako elikagaiak eta bitxiak.
Alegiako plazan eta San Juan kalean jarriko dute azoka, eta udalak jakinarazi du hainbat eragozpen sortuko dituela. Batetik, Orendaingo bidegurutzetik Alegiako Tontokale gaineko bidegurutzera errepidea itxita egongo da. Hori dela eta, Larraitz auzora edo Orendainera joan nahi dutenek saihesbidea erabili beharko dute.
Bestalde, San Juan kaletik Kalegora alderako garajeei dagokienez, ateratzeko zein sartzeko Kalegorako pibotea erabili beharko dute azoka muntatzen hasten direnetik, jaso arte.
Autobus zerbitzuari dagokionean, berriz, Lurraldebuseko autobusek Fabrensa industriagunean izango dute geraleku bakarra. Amezketa aldera 12:10ean eta Tolosa aldera 12:40an pasako diren zerbitzuei eragingo die azokak.
Autobusak Asteasura
Asteasuko Azoka egingo dute datorren igandean ere, eta auto pilaketak saihesteko helburuarekin autobus zerbitzua eskainiko du udalak, industriagunetik plazara. 10:00etan abiatuko da azoka eta postuak eguerdira arte egongo dira zabalik. Arratsaldean, erromeria egingo dute.