Tolosaldeko Mintzalaguna egitasmoak ikasturte berriari ekin dio. Lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean euskara praktikatzeko eta ondo pasatzeko aukera eskaintzen du proiektkuak bultzatzaileen esanetan. Egitasmoa babesten duten udaletako ordezkarien izenean hitz egin du Maite Arregi Amasa-Villabonako euskara teknikariak: «Asko dira euskarazko oinarri bat izan bai, baina praktikan jartzeko aukerarik ez dutenak. Beraz, mintzalagun taldeetan aurkitzen dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera».
Egitasmo honetan Bidelariak eta Bidelagunak astero elkartzen dira, ordu betez, hizketaldi lasaian. Bidelagunek euskara praktikatzea dute helburu, «lotsa gaindituz, akatsak egiteari beldurra kenduz, hizkuntza ohiturak aldatuz eta erabileran urratsak emanez». Bidelariei, berriz, euskara praktikatu nahi duen bati laguntzearen pozak betetzen dio barrua, «euskararen alde zerbaitetan ari dela sentitzeak, eta gainera, ondo pasatzen ari dela ikusteak».
Asteroko hitzorduaz gain, ikasturtean zehar ekintza osagarriak ere antolatzen dituzte, betikoaz gain, egitasmoan parte hartzen ari diren gainerako taldeekin batera. Igor Agirre Galtzaundi euskara taldeko kideak aipatu duenez, hiru hilez behin antolatzen diren ekintzekin, komunitate izaera bat badagoela helarazi nahi diete parte hartzaileei. Urtero eskualdeko herriren batean bisita gidatu bat antolatzen dute; iaz, Fagus Alkiza interpretazio zentrora egin zuten bisita, eta duela bi urte, berriz, Amezketako Pello Zabala gunera. Eskualdetik ere atera ohi dira eta urtero antolatzen dute txangoa Durangoko Azokara edota sagardotegira bazkaltzera joateko. Aurtengorako antzerako jarduera osagarriak prestatuko dituztela hitz eman dute antolatzaileek.
IZEN EMATE KANPAINA ABIAN
«Euskaraz soltura izan ez, eta soltura hori lortu nahi duten ia 100 mintzalagun ditugu Tolosaldean, 20 talde pasatxotan banatuta», adierazi du Agirrek. Begirada altxatuz gero, aipatu du Euskal Herri osoan ia 8.000 mintzalagun direla. «Asko gara eta aurten gehiago izateko asmoz gaude». Egin nahi dugun hori, egizu euskaraz leloa aukeratu dute aurtengo kanpainarako.
Irailean ikasturtea hastearekin batera, talde berriak sortuko dira eskualdean, aurreratu dutenez, Tolosan, Ibarran, Zizurkilen, Anoetan, Iruran eta Amasa-Villabonan.
Mintzalaguna egitasmoan izena emateko Galtzaundira jo daiteke, edo bestela, Tolosaldeko udaletara. «Bertaratu, deitu edo idatzi lasai, zalantzarik izanez gero galdetu, eta ez galdu aukera», esan dute egitasmoaren antolatzaileek. Informazio gehiago eskualdeko udaletako webguneetan eta Galtzaundiren webgunean izango dute interesa dutenek.