Urriaren 5ean ospatuko dute Tolosaldeko III. Trikiti Eguna

Ataria 2024ko irailaren 24a

Hauspotuz Tolosaldeko Trikiti Elkarteak hirugarrenez antolatuko du trikitiaren festa eguna; bazkarirako izen ematea zabalik dago eta, irailaren 27a, ostirala, izango da azken eguna.

Eskualdean trikitiaren mugimendua indarberritzen jarraitzeko asmoa du Hauspotuz Tolosaldeko Trikiti Elkarteak, eta ildo horretan, ohitura bihurtzen ari den festa eguna antolatu du, hirugarren urtez jarraian. Aurten, urriaren 5ean ospatuko dute Tolosaldeko III. Trikiti Eguna, Tolosan.

11:30ean elkartuko dira Lopez Mendizabal pasealekuan, eta ondoren, kalejira egingo dute herriko kaleetatik. 14:30ak aldera, sorpresaz beteriko bazkaria egingo dute. Egunari amaiera emateko, kalejira erraldoia egingo dute, 18:30ean.

Bazkarirako izena eman nahi dutenek hauspotuztrikitixa@gmail.com helbidera mezua idatzi behar dute, txartelak lortzeko, eta irailaren 27a, ostirala, izango da azken eguna. «Tolosaldeko trikitilaria, pandero jotzailea, trikiti edo pandero ikaslea edo trikiti zalea bazara, animatu egun honetan parte hartzera», adierazi dute elkartetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!