EH Bilduk Pilar Garaialde proposatu du Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseilurako

Ataria 2024ko ira. 24a, 11:54

Argazkia: Jon Miranda

Koalizioak bi pertsona proposatu ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseilurako: Alegiako Pilar Garaialde Salsamendi estatu terrorismoaren biktima eta Pako Etxeberria Gabilondo auzitegi-medikua.

EH Bilduk esan du Gogora Institutuko legearen arabera, Legebiltzarrak bost kide independente izendatu behar dituela organo horretan, «memoriaren sustapenean eta askatasun zibikoen eta bizikidetza demokratikoaren printzipioen defentsan ospe handia duten pertsonen artetik». Hauteskundeetan jasotako emaitzen arabera dagokion ordezkaritza kontuan hartuta, EH Bilduk bi hautagai proposatu ditu, «betiere biktima guztiak aitortzearen eta memoria inklusibo baten alde». Bozketa bihar egingo da, Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean.

Alegiako Pilar Garaialde Salsamendi Estatu terrorismoaren biktima da, 1982an Triple A eskuin muturreko taldeak eraildako Paulo Salsamendiren alaba. Salsamendik taxilari bezala lan egiten zuen Alegian, 1982ko urtarrilaren 1ean desagertu zen eta biharamunean bere gorpua aurkitu zuten Berastegin, bi tiro zituela. Bi egun geroago, Triple A taldeak bere gain hartu zuen atentatua, eta hilabete eskasera, otsailaren 2an, Tolosako epaitegiak kasua artxibatu zuen, ia ikertu gabe.

Pako Etxeberria Gabilondo auzitegi-medikua da. Beasaindarra da eta Urkizun bizi da azken urteetan. Ibilbide luzea du giza eskubideen defentsaren alorrean, bai eta sari ugari irabazi ere. Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kidea da 2015az geroztik eta, besteak beste, Auzitegiko Medikuntzako irakaslea da EHUko Kriminologia Institutuan 1985-86 ikasturtetik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!