Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

Bigarren egin du Etxordek Lazkaon eta hirugarren Iguaranek

Ataria 2024ko irailaren 21a

Oihana Aranak irabazi du hirugarren final-zortzirena eta zuzenean sailkatu da final-laurdenetara. Hurrengo saioa bihar egingo dute Elgoibarren.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bigarren asteburua hasi du gaur. Lazkaoko Areria aretoan jokatu da hirugarren final-zortzirena, eta bertsozale andanak berotu du giroa. Oihana Aranak irabazi du saioa eta bigarren eta hirugarren tokietan sailkatu dira eskualdeko bi bertsolariak, Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarra eta Beñat Iguaran amasarra. 

Honela geratu da sailkapena:

  • 501,5 Oihana Arana
  • 471,5 Iñigo Gorostarzu Etxorde
  • 454,5 Beñat Iguara
  • 442 Julen Zulaika
  • 441,5 Gorka Maiz
  • 433 Iban Urdangarin

Honenbetez, final-laurdenetara zuzenean sailkatu da Arana eta Errenteriako saioan arituko da. Dagoeneko Aranarekin batera ziurtatuta dute postua hurrengo fasean Andoni Rekondok eta Amaia Iturriotzek.  Elgoibar, Andoain, Hondarribia eta Azpeitian jokatuko diren final-laurdenetan zuzeneko txartela eskuratuko dute beste lau bertsolarik eta puntuazioz beste hamazazpi pasako dira datorren fasera. 

Parte hartzen ari diren eskualdeko bertsolari guztiek kantatu dute dagoeneko:, Unai Mendizabalek 489,5 puntu ditu, Iñigo Gorostarzuk 471,5 eta Beñat Iguaranek 454,5.

Azkeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalista gisa, zuzenean sartuko da Oihana Iguaran final-laurdenetan eta Irunen kantatuko du urriaren 27an. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!