Isaki Lacuestaren filma Oscarretarako bidean

Ataria 2024ko ira. 19a, 18:00

’Segundo Premio’ filmeko irudi bat. Argazkia: BTeam Pictures

Ama tolosarra duen zinemagilearen ‘Segundo Premio’ pelikula aukeratu dute nazioarteko filmen sailean lehiatzeko; Julen Clarke aktore billabonatarrak parte hartzen du filmean.

Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguezen Segundo Premio filma aukeratu du Espainiako Zinema Akademiak datorren urteko Oscar sarietan nazioarteko pelikula onenaren sailean lehiatzeko. Julen Clarke aktore billabonatarrak parte hartzen du pelikulan. Kataluniarraren filma azkenean sail horretan lehiatzen den ikusteko itxaron egin beharko da. Izan ere, aurretik, shortlist deituriko hamar filmen artean hautatu beharko dute aurrera egiteko.

Segundo premio filma Los Planetas Granadako (Andaluzia, Espainia) taldearen Una semana en el motor de un autobus diskoko izen bera duen abestian oinarrituta dago. Ezohiko musika biopic bat da, eta maitasun eta laguntasun istorio eder bat kontatzen du. «Seattleko musika talde bat unibertsala izan daiteke, baina gure gertuko talde batekin badirudi ezin dela gauza bera egin. Istorio guztiak dira unibertsalak», esan du Lacuestak filma aukeratua izan dela jakin ostean. 
Lacuestaren filma beste bi proposamenen artean gailendu da: Jon Garaño eta Aitor Arregiren Marco eta beste biopic musikal bat, Javier Maciperen La estrella azul, Zaragozako (Espainia) Mas Birras taldeko liderraren Mauricio Aznarren bizitza kontatzen duena. 

Tolosarekin lotura estua

Isaki Lacuestaren filmak Malagako zinema jaialdian pelikula onenaren saria jaso zuen. Ez da, ordea, kataluniarrak bere ibilbidean jaso duen sari bakarra. Donostiako Zinemaldian birritan irabazi du Urrezko Maskorra, eta hainbat zinema jaialditan izan da bere pelikulekin, Berlinen, kasu. Une honetan, Antonio Flores abeslariari buruzko dokumentalarekin ari da lanean.

Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorretako bat 2011. urtean lortu zuen zinemagileak, Los Pasos Dobles filmarekin. Bada, saria jaso ondoren, Tolosako Leidor aretoan izan zen La noche que no acaba filma aurkezten. Ez da kasualitatea kataluniarra Tolosara gerturatzea, ama bertakoa baitu. Bereziki umetan askotan etortzen zela bisitaldiak egitera Tolosara kontatu izan du, eta horregatik ederki ezagutzen duela herria eta bertan etxean bezala sentitzen dela.
Isaki Lacuesta 2006. urtean ere izan zen Tolosako Leidor aretoan film bat aurkezten zine forumean. Kasu hartan, La leyenda del tiempo filma izan zen ikusgai. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!