Biomaterialen inguruko tailerretan izena emateko epeak zabalik

Ataria 2024ko ira. 16a, 10:41

Irailaren 28an Asteasun eta urriaren 5ean Anoetan egingo dituzte tailerrak eta egunotan eman beharko da izena. Mirari Errondosorok zuzendutako proiektuaren barruan eskainiko dute saioa.

Mirari Errondosorok zuzentzen duen Emakumeen elkarlana sukaldatzen proiektuaren barruan, tailerrak egingo dituzte eskualdeko hainbat herritan. Asteasun, irailaren 28an, 10:00etatik 13:00etara egingo dute Lizardi etxean; eta Anoetan, ordutegi berean, urriaren 5ean Hozpel kaleko lokalean. Hondakinekin sortutako biomaterialak landuko dituzte tailer horietan.

Naturan inspiratuta, jasangarritasuna eta tradizioa uztartzen ditu proiektuak. Emakumeen indarra eta ezagutza partekatzen ditu, kontsumo azkarra eta zaharkitzearen aurrean, iraganeko balioak eta bizitzaren zentzua berreskuratuz, etorkizun hobe baterantz urratsak emateko. Proiektua datorren irailaren 21ean aurkeztuko da Tolosako Andragoran.

Tipula eta fruta azalekin, arrautzaren oskolarekin, kafe hondakinekin eta bestelakoekin arituko dira sukaldean biomaterialak sortuz. Herriz herri eskainiko diren tailerretan sortutako biomaterialekin instalazio bat egingo da Andragoran datorren urriaren 10ean.

Tailerretan izena emateko biomaterialakimuri@gmail.com helbideetara idatzi beharko edo mezu bat bidali 656 74 24 50 telefono zenbakira. Honako helbidetan ere izango da informazio gehiago: kultura@asteasu.eus edota kultura@anoeta.eus.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!